
Duela urtebete pasatxo, gure bizitzetan agertu zen COVID-19aren birusa, zorigaiztoz. Heriotzan, atsekabean eta ziurgabetasunean murgildu gaituen pandemia baten ondorioek markatuko dute betiko urtebete hori. Urtebete horretan, igerilekuak eta estadioak hustu ziren, eta harmailak eta atletismoko pistak isildu ziren.
Urtebete luze honetan, oraindik ere mundua astintzen ari den COVID-19aren pandemiak jokoz kanpo utzi zuen kirola. Lehiaketak gelditu ziren, kirol ekitaldi handiak bertan behera utzi ziren, eta gimnasioak eta kirol zentroak itxi ziren. Baina etxeko konfinamenduaren unerik zailenetan ere, kirola ohitura osasungarriak bultzatzeko eta mantentzeko gidaria eta pizgarria izan zen. Nola ez gogoratu gure etxeetan ariketa fisikoa egitera animatzen gaituzten kirolari ospetsuen irudiak. Ur botilak pisutzat erabiltzen eta balkoi eta terrazetan tatamiak inprobisatzen irakatsi digute.
Orain, amesgaizto amaiezin honek urtebete egin duenean, ikuskizunez jantzitako kirol baten aurpegirik desatseginena erakusten duen Europako Superliga baten amets dirutsuak gauetik goizera deuseztatu direlarik, agian egokia izango da erakunde publikoetatik sustatu behar dugun kirol ereduari buruz hausnartzea. Serio pentsatu beharko genuke nola sustatu nahi ditugun kirolaren berezko balioak, eta horrela nola lagunduko dugun planetaren gizarte kohesioa eta sostengagarritasuna lortzen.
Zalantzarik gabe, COVID-19aren pandemia inflexio puntua da kirolaren gobernantza globalean. Pandemiaren urtebete honetan kirol lehiaketen paralisiak izan duen eragin ekonomikoa 100.000 milioi euro ingurukoa izan da Europar Batasunean, eta zuzeneko 1.600.000 lanpostu baino gehiago galtzea ekarri du. Kirol globalaren esparruan, 2020ko Tokioko Olinpiar Jokoak bertan behera uztearen eta 2021eko udan ateak itxita jokatzearen ondorioz, Jokoen Batzorde Antolatzaileak aurreikusitako diru sarreren % 90 galduko da, Nazioarteko Batzorde Olinpikoa eta Batzorde Antolatzailea lantzen ari diren egoera posibleetatik hoberenean ageri denez.
Kezkagarriak dira zifra ekonomikoak, baina ez dira atzera geratzen pandemiak kirolaren gobernantzan dituen inplikazio etiko, politiko eta juridikoak. Historian lehen aldiz, udako Joko Olinpikoen egoitza den hiriko herritar gehienen berariazko oposizioarekin egingo da munduko kirolaren jai nagusi hori. Ez aipatzearren txertoa jartzean pertsona eta talde ahulagoen kaltetan kirolariei eta talde teknikoei lehentasuna emateak sortzen dituen zalantza etikoak ere.
Hala ere, pandemiak kirol globalean izan duen eta izaten jarraitzen duen inpaktuak ez dizkigu bistatik kendu behar tokiko kirol erakundeetan uzten dituen ondorio oso txarrak. Esan izan da kirol erakunde txikienek hobeto saihestu dutela pandemiak eragindako paralisi egoera. Segur aski egia izango da. Ekonomia eta finantza arloetako zifra globalen emaitzari erreparatzen badiogu, behintzat. Baina baieztapen hori zalantzazkoa da, oso, baldin kirolaren osotasunari eta tokiko kirol erakundeek eta klubek betetzen dituzten gizarte, kultura eta osasun funtzio publikoei ere begiratzen dien ikuspegi bat hartzen badugu. Lehenik eta behin, aintzat izan behar dugu erakunde horien baitan sustatzen eta irakasten dela benetan kirola egitea adin txikienetatik. Kirol klubak eta erakundeak dira lehiaketako kirola elikatzen duen aletegia; autonomia erkidegoetako eta estatuko kirol federazioen zilbor hestea. Kirol erakunde horiek, gainera, oso lan garrantzitsua egiten dute gizartean eta osasun publikoan. Izan ere, topaleku horretan harreman sozial iraunkorrak eratzen dira, bizi ohitura osasungarriak sustatzen dira, eta horrela prebenitu egiten ditu sedentarismoa, pertsona askok pairatzen duten bakartze soziala, eta egoera horien ondoriozko hainbat gaixotasun psikiko eta fisiko.
Azken batean, kirolean inbertitzea eta, batez ere, kirol xehea esaten zaion horretan inbertitzea, osasunean eta gizarte ongizatean inbertitzeko eta ekonomia kolaboratibo eta sostengagarria sustatzeko modu bat da.
Alberto Carrio
U. Pompeu Fabra
alberto.carrio@upf.edu
