
Hamazazpi urterekin eta unibertsitatera salto egiteko prest, gasteiztar gazte honek gainezka dakar ia kasualitatez iritsi zen kirolarekiko pasioa. Azken hamabi hilabetean, Ana Santisok Espainiako txapelketan bigarren izatea lortu du; eta Europako eta munduko lehiaketetan, bere lehen parte-hartzeetan, brontzezko dominak. Halaber, kontatu digunez, karateak kirol jarduera hutsa baino askoz gehiago eman dio.
Gimnastika erritmikotik, karatera: nola egin zenuen urrats hori?
Adiskide bati esker izan zen, duela zazpi urte. Orkatilan daukadan lesio garrantzitsu bat dela eta, gimnastika erritmikoa egiteari utzi behar izan nion; eta berak, karate kontu honetan aspalditik baitzebilen, probatzeko esan zidan. Kasualitatez, gimnasioa eskolatik oso hurbil zegoen. Beraz, pare bat egunez joatera animatu nintzen, izugarri gustatu zitzaidan, eta orain arte jarraitu dut, nahiz eta adiskideak hurrengo urtean utzi zuen.
Zaletasun hori, zaletasun baino gehiago bihurtu zen...
Bai, edozein haur bezala hasi nintzen, astean bitan entrenatzera joaten, ondo pasatzen, eta abar. Gero etorri ziren lehenengo txapelketak, eta entrenatzaileek ikusi zuten ondo moldatzen nintzela. Hortik aurrera, guztia izan da haien lana, batez ere Naroa Lezkanorena. Astean bi egunetan 45 minutuz entrenatzetik, lehiaketa-garaian egunean hiruzpalau orduz entrenatzera pasatu gara.
Erraza al da entrenamendu erritmo hori ikasketekin uztartzea?
Batxilergoan pixka bat kosta egiten da, batez ere azterketa garaian, baina gimnasioan beti esaten digute: «Lehenengo ikasketak, eta gero entrenatzera». Hori oso argi daukagu lehiatzen garenok. Eta egunen batean huts egin behar badugu ikasi behar dugulako, ez da ezer gertatzen, ulertu egiten da. Hala ere, saiatzen naiz beti joaten, arratsalde osoan ikasten egon ondoren entrenamenduak deskonektatzen laguntzen didalako. Hobeto ikasten eta entrenatzen dut.
Zure ustez, zer ezaugarri behar dira karateka ona izateko?
Ez dut uste ezaugarri berezirik dagoenik, denak landu baitaitezke. Funtsean, gogoa jartzea eta ahalegintzea da. Hori bai, inguruneak asko laguntzen du. Onartzen dut, ikaskideen eta entrenatzaileen artean dugun giroa izango ez bagenu, ezin izango nuela inora iritsi. Taldea gabe, ez zara ezer.
Zer eman dizu kirol honek?
Zalantzarik gabe, beti hor egon den bigarren familia bat. Inoiz ez didate hutsik egin, eta haien laguntza jaso dut gertatu zaizkidan une oso gogor batzuetan. Bigarren maila batean, esango nuke karateak diziplina eta errespetua irakasten dituela, kirol honen berezko ezaugarri baitira.
Gogoan duzu uneren bat bereziki?
Gogoan dut iaz, Zaragozan, Espainiako txapelketa amaitzean, entrenatzailea etorri zitzaidala eta hauxe esan zidala: «Ana, lortu duzu, Europako txapelketara joango gara». Oso barrura iritsi zitzaidan. Beste bat, hura ere oso esanguratsua, munduko txapelketan izan zen. Min hartu nuen oinean (orkatilako lesioa neukalako), eta ez nintzen finalean lehiatzera aterako, nire lankideengatik eta entrenatzaileengatik izan ez balitz. Haiek animatu ninduten, harik eta irtetea erabaki nuen arte. Eta emaitzak, egia esan, merezi izan zuen.
Eta etorkizunari begira...
Urrian, beste Europako txapelketa bat daukat, Portugalen, nire azken junior urtean. Ea zer moduz egiten dudan! Izan ere, gero seniorretan lehiatzen hasiko naiz, eta hori beste abentura bat izango da. Karatean, esperientziak asko egiten du, eta senior mailan ni baino askoz zaharragoak diren eta bizitza osoa horretan daramaten hainbatekin egingo dut topo.
Diziplina hau gomendatuko zenieke gazteei?
Bai, noski. Izan ere, ez duzu karatea soilik egiten. Besteak beste psikomotrizitatea hobetzen duten beste jarduera batzuk ere egiten dituzu (batez ere haur txikienen kasuan); eta adiskideak egiten dituzu, bai eta haiekin denbora asko eman ere. Gainera, beste maila batzuetako jendearekin entrenatzen dugunez, zaharragoez baliatzen zara hobetzeko, baina gazteagoei ere irakasten diezu, eta hori guztia oso ona da.
Nola ikusten duzu karatearen maila Araban?
Ezin gara kexatu. Hemen badira zenbait gimnasio, oso talde onak, eta maila altua da lehiaketako bi modalitateetan: puntukakoan eta KO lortzekoan. Azken horretan lehiatzen naiz ni: Kyokushin delakoan, alegia. Nire gimnasioko beste bi lehiakideak, adibidez, Europako eta munduko txapeldunak izan dira behin baino gehiagotan. Estatu eremuari dagokionez, nabarmenduko nuke nik parte hartu nuen lehen Europako txapelketan Espainiako beste neska batek lortu zuela lehen postua, eta munduko txapelketan, berriz, bigarrena.
Estadioko abonatu gisa, zein bazterretan ikus zaitzakete maizenik?
Igerilekuan, zalantzarik gabe, udan asko etortzen bainaiz. Neguan gehiago aprobetxatzen dut ikasketa gela, batez ere lanak egiteko, oso gune erosoa baita.
Perfil
- Gasteizko toki bat: Armentiako zelaiak.
- Hondartza edo mendia: hondartza.
- Liburu bat: Tuesdays with Morrie, Mitch Albom idazlearena.
- Film bat: The Boy in the Striped Pyjamas, Mark Herman zuzendariarena.
- Miresten duzun kirolaria: Rafa Nadal eta Alberto Contador.
- Ikusi nahi izaten duzun kirol bat: tenisa.
- Zure bertute handiena: iraunkortasuna.
- Sare sozialak: ana_santiso (Instagram)
