Bazterkeriaren aurkako ezpata

Haur Baten Irribarreagatik elkartea eta Senegalgo Eskrimako eta Justizia Leheneratzaileko Akademia

Senegalek, Mendebaldeko Afrikako beste herrialde askok bezala, erronka kroniko bati egin behar dio aurre: kalean gaizki bizi den haurtzaroari eta gazte delituak errepikatzeari. Aukera faltak, familia gatazkek eta pobreziak eskola sistematik kanpo uzten dituzte urtero milaka haur; eta, batzuetan, ebasketa txikietara bultzatzen dituzte. Horiek horrela, Pour le Sourire d 'un Enfant elkartearen eta Eskrimako eta Justizia Leheneratzaileko Akademiaren eskutik, 2012an, ezohiko proiektu bat sortu zen: baztertutako haur eta nerabeei eskrima irakastea, gizarteratzeko bidetzat.

Thiès hirian, Dakar hiriburutik 70 bat kilometrora, Pour le Sourire d 'un Enfant (ASE) elkartearen harrera zentroan, kirol klub ez oso konbentzional bat ireki dute: nerabeek, praka zuriak eta jaka mailegatuak jantzita, ezpataz agurtzen ikasten dute, elkarren aurka ekin aurretik, eta ezpata xaflen talkaren hots metalikoak isiltasuna hausten du. Eskrima, kirol bat ez ezik, inklusio eta diziplina tresna bat ere bada.

Nelly Robin frantses ikertzaile bat da, eskualdeko gizarte proiektuen koordinatzailea. Hark sortu zuen ideia, ASErekin batera. Justizia leheneratzailearen printzipioak —kaltea konpontzea eta loturak berrezartzea, zigortu beharrean— oinarri hartuta, proposatu zuen ikuspegi horrekin konbinatzea errespetua, autokontrola eta arauak betetzea eskatzen duen kirol bat: eskrima.

«Gazte bat pistan lehiatzen denean, ikasten du ezin duela jo aurretik agurtu gabe; ikasten du bere txandaren zain egoten, porrota onartzen, eta bere bulkada kontrolatzen», azaldu du Robinek, The Guardian egunkariak jasotako elkarrizketa batean. «Eskrima bizikidetzaren metafora bihurtzen da. Dueluak sinbolikoak dira, ekartzen dute lehiakidea aurkaritzat hartzea, ez etsaitzat, eta borroka bakoitzean bitarteko inplizitua dago: errespetua, muga eta erreparazioa.» Logika horrek eragina du tatamitik kanpo, gazteen eguneroko bizitzan.

Programa irakasle talde txiki batekin eta dohaintzan emandako ezpata gutxi batzuekin hasi zen. Denboraren joanean, hazi egin zen, eta formakuntza eredu erreplikagarri bihurtu zen. Gaur egun, mila bat gaztek parte hartu du ekimenean (adingabeen zentroetan edo espetxeetan neurri judizialak betetzen dituzten gazte batzuk barne).

Ikastaroak 60 bat ikasgai progresibo ditu. Horietako bakoitzak alderdi teknikoak —posizioa, erasoa, defentsa, arbitrajea— ez ezik, balioak ere jorratzen ditu: errespetua, diziplina, enpatia, gatazkak ebaztea. Horrekin batera, parte hartzaileak alfabetatze eskoletara, lantegi artistikoetara, orientazio profesionalera eta laguntza psikologikoko saioetara joaten dira.

Kirola da gainerakoei egitura ematen dien ardatza. «Gazteetako asko eta asko indarkeria historia batekin iristen dira. Hemen euren energia bideratzeko beste modu bat aurkitzen dute», dio bertako irakasle batek. «Jokalekuan, denak berdinak dira: inork ez du besteak baino botere handiagorik; trebetasuna eta kontzentrazioa besterik ez.»

Ereduaren alde berritzailea ez da soilik kirola, justizia leheneratzailearekin duen lotura baizik. Saio bakoitzak bizikidetzari, arauei eta erantzukizun pertsonalari buruzko elkarrizketarako eta hausnarketa kolektiborako uneak biltzen ditu. Ezarri den espetxeetan, agintariek adierazi dute barne diziplina nabarmen hobetu dela eta gatazkak murriztu direla.

Era berean, emaitzen artean daude berrerortzea nabarmen murriztea, autokontrola handitzea, eta ikastetxeetako bizikidetza hobetzea. Paris Peace Forum erakundearen txosten batek dioenez, «parte hartu zuten 600 adingabeetako batek ere ez zuen berriro deliturik egin», eta asko eskolara itzuli ziren edo jarduera profesionalei ekin zieten.

Senegalgo ekimenaren arrakastak interesa piztu du nazioartean. Boli Kostako, Marokoko eta Ruandako hainbat lantaldek prestakuntza eskatu dute eredua egokitzeko. Akademia Afrikako gizarte-hezitzaileak eta kirol-hezitzaileak gaitzeko gune bihurtu da, eskrimaren pedagogia eta ikuspegi leheneratzailea uztartuta.

Kirola gizarteratzeko eta erresilientziarako tresnatzat hartzen duen joera globalean kokatzen da programa. Nazio Batuek eta Nazioarteko Batzorde Olinpikoak antzeko programak sustatu dituzte, arriskuan dauden gazteentzako hainbat diziplinatan (futbola, boxeoa, atletismoa). Hala ere, eskrima aukeratzeak sinbolismo berezia du: tradizioz elitista izan den kirol bat, Thiès hirian berdintasunerako tresna bihurtua. Baina dena ez da erraza izan.

Proiektua, neurri handi batean, nazioarteko emaileen finantzaketaren eta tokiko irakasleen etengabeko formakuntzaren mende dago. Materiala lortzea (maskarak, jakak, floreteak) etengabeko erronka logistikoa da. Gainera, zentroetatik atera ondoren gazteei segimendua egiteak baliabideak eta koordinazioa eskatzen ditu.