Club OUTDOOR kluba - Gertuko xendazaletasuna: Nerbioi ibaiaren jauzia eta Santiago mendia

Bizitzan dena ez da ariketa egitea! Horrela, beste gauza batzuk egiten eta ezagutzen ditugu, eta beste giro batean ezagutzen dugu elkar

Larunbatean, 2025eko maiatzaren 10ean, Burgos eta Bizkaia arteko mugara hurbildu ginen, Santiago mendira eta Nerbioi ibaiaren jauzira eraman gintuen ibilbide zirkularra egiteko.

8:30ean, Estadiotik abiatu ginen Santiago mendiko interpretazio zentroaren aparkalekura. 50 minutu inguruko bidaia egin ondoren, helmuga horretara iritsi ginen. Eguneko iragarpen meteorologikoa nahiko ezegonkorra zen, eta eguerditik aurrera euria egingo zuela iragarri zuten.

Santiago Mendiko Monumentu Naturala Burgosko probintziaren ipar-ekialdeko muturrean dago, Euskal Herriarekiko mugan. Gure ibilbidea sortu berri den pagadi batean barrena doa, Gorobel mendilerroko kareharrizko gailurrez osatutako anfiteatro harritsu ikusgarri baten ertzeraino. Hortxe aurkituko dugu Nerbioi ibaiaren jauzi ikusgarria. 200 metrotik gorako altuera du, eta zaldi buztanaren forma bitxia. Gure lurraldean dugun ur jauzi luzeena da, bai eta ederrenetako bat ere.

Hala ere, ez genuen zorterik izan: aurreko astebetean izandako euriteak gorabehera, ezin izan genuen ur jauzia bere bete-betean ikusi. Izan ere, jauziaren garaieraren erdialdeko iturri batetik baino ez zen ura erortzen. Haraneko eta Urduñako ikuspegi ederrak, aldiz, bermatuta daude beti.

Otso zulorantz gindoazela, ur tanta batzuk erori ziren, eta babesa bilatu genuen, lasai bazkaltzeko. Halaxe, mokadu eta solasaldi artean, otorduaz eta konpainiaz gozatu genuen.

Minutu batzuk geroago, berriro ekin genion gure ibilbideari, eta han ikusi genuen ibaiaren iturburua eta, ondoren, otso zuloa. Bukatzeko, atzera aparkalekura, autobusa zain baikenuen.

Ia 9 kilometroko ibilbidea egin genuen, bidezidor onetan zehar. Ederki gozatu genuen konpainia, paisaia eta udaberria; begi niniak kolorez tindatu eta belarriak biziarekin bete zizkigun udaberri oparo honen berdetasun bikainak.

Data eta ordutegiak:

- Data: 2025eko maiatzaren 10a.
- Irteera lekua: Fundación Estadio Vital Fundazioa.
- Irteera ordua: 8:30.
- Bidaiaren dendora: 50’ (gutxi gorabehera).
- Ailegatzeko ordua: 14:00 (gutxi gorabehera), Estadio Vital Fundazioan.
- Kokapena: 42.9431115344264, -3.0008011553784044
*Oharra: autobusez egindako bidaiak 35’ iraungo du.

Izen-ematea: bulegora etorrita edo 945 131 345 telefonora deituta. Abonatua ez bazara, bulegoan soilik.     

Prezioak:

  • Izen-ematea egitean, autobusaren prezioa ordainduko da: abonatuek 20 €, eta abonatugabeek 25 €.

Irteera horiek ez dira bertan behera geratuko eguraldi gorabeherengatik. Ez da dirurik itzuliko irteerako astean bertan.