
27 urte dituelarik, Guillermo Vicentek bere lekua aurkitu du, txikitan praktikatzea amestu ere ez zuen diziplina batean. Fisikokulturismoak bizimodu osasuntsua izateko eta sasoian mantentzeko kirol aukerak erakarri du, eta beste gazte batzuei motibaziotzat balio izan diezaien nahi du. Iaz, Estatu eremuko lehiaketa batean podiumera igotzea lortu zuen; hala ere, lorpen horrek ez dio aldarazi kirol hori zaletasun soiltzat mantentzeko asmoa.
Nola deskribatuko zenuke fisikokulturismoa?
Fisikoaren, gorputzaren kultuan oinarritutako kirola da. Zure egoera hobetzeko askotan entrenatzean datza, beste kirol batzuetan bezala, eta ez gimnasioan bakarrik, nahiz eta besterik uste izaten den. Izan ere, esango nuke emaitzen % 70 elikaduraren bidez lortzen direla.
Nola hasi zinen praktikatzen?
Bizkarreko lesio batekin hasi zen dena, bizikletan jaitsiera eta free style egiten ari nintzela. Errehabilitazio garaian, denbora asko eman nuen gimnasioan, eta konturatu nintzen ezin nuela bizkarrean inpaktua ekarriko zuen ariketarik egin. Beti oso kirolaria izan naizenez, jarduera mota honekin zaletu nintzen, eta hemen jarraitzen dut ia hamar urte geroago.
Batzuek ez dute uste jarduera hau kirola denik...
Ezjakintasun handia dago, jende askok buruan du fisikokulturismoan aritu ohi garenok obsesionatuta gaudela; ez dakit zer produktu erabiltzen ditugula hori lortzeko; gure fisikoaz soilik arduratzen garela, eta ez gure adimenaz; eta, are gehiago, gure gorputzarekin gustura ez gaudelako egiten dugula... Nik jarduera hau hobeto ezagutzeko eskatuko nieke.
Niretzat, adibidez, kirola egiten jarraitzeko eta lesioaren ondoren bizitza osasuntsua izateko aukera bakanetakoa izan zen. Gainera, esan dudan bezala, fisikokulturismoa dieta bati lotuta dago, eta dieta hori oso zorrotza da lehiaketa garaietan, baina oro har askotarikoa da, eta batez ere oso osasuntsua.
Zertan datza lehiaketako proba bat?
Kategoria bakoitza ezberdina da; gorputz motak ezberdinak direlako, batez ere. Adibidez, mens physique delakoan, ni lehiatzen naizen diziplinan, lau poseko txanda egiten dugu, eta epaimahaiak txanda bakoitzean baztertu egiten ditu muskuluen definizioan, muskuluen gogortasunean, azalaren egoeran, agertokian egoten jakitean eta abarretan emaitzarik txarrenak lortu dituztenak, harik eta azken txandan hiru edo lau onenekin geratzeko. Agian pixka bat arraroa izango da, epaitzen eta alderatzen gaituztelako; baina, azken batean, kontua da txanda bakoitzean zure arerioak gainditzea, beste kirol batzuetan bezala.
Zer eman dizu jarduera honek?
Batez ere konturatu naiz saiatua baldin banaiz neure buruari jartzen dizkiodan erronka guztiak lor ditzakedala. Gainera, pisuak jasotzeak ez du soilik fisiko ideal samar bat sortzen, baizik eta onurak dakarzkio gorputzari, hala nola osasunari eta bizi kalitateari. Horrez gain, jarduera fisikorako zaletasuna pizten du; eta harrapatu egiten zaitu, baldin modu zuzen, adimentsu eta ordenatuan egiten bada.
Oso diziplina sakrifikatua da?
Pertsona bakoitzaren araberakoa da. Hala ere, jende askok gimnasioan egunero ordu piloa sartu behar direla uste duen arren, entrenamendu arrunt bat ez da ordubete baino gehiagokoa izaten, eta normalean astean lau egunez baino ez.
Zure ustez, zer ezaugarri behar dira fisikokulturista ona izateko?
Ororen gainetik saiatua izatea, zeren kirolean, eta are gehiago lehiaketan, entrenatzeko diziplinarik gabe zaila baita beharrezko maila ematea. Garrantzitsua da hobetzeko gogoa izatea, zure akatsak zuzentzearren eta egunetik egunera hobeto egitearren.
Kirol hau gomendatuko zenieke gazteenei?
Hobby gisa gomendatuko nuke, nahiz eta probatzeko gogoa duen edonori gomendatuko niokeen gutxienez behin lehiatzeko, mundu hau barrutik ezagutzearren. Oso ezezaguna da, baina biziro harritzen du. Dedikazio profesional gisa galdetzen badidazu, kasu horretan ez nuke gomendatuko; ni ere ez naiz horrela arituko.
Ohikoa da zu Estadion ikustea. Zein instalazio erabiltzen dituzu gehien?
Gimnasioa, zalantzarik gabe. Nire entrenatzeko lekua da urte osoan. Udan, gainera, tarte libre asko ematen ditut igerilekuan.
Profila
- Gasteizko toki bat: urtegia.
- Hondartza edo mendia: hondartza.
- Film bat: Dunkirk, Christopher Nolan zuzendariarena.
- Miresten duzun kirolaria: Rafael Nadal.
- Zure bertute handiena: oso diziplinatua naiz.
- Zure musika: Urbano Pe.
- Sare sozialak:
- Instagram: @guillermovicenteechave
- Facebook: @Guillermo Vicente Echave
