Haurrentzako jarduerak: mugitzea, hazten ikasteko

Pantailen garaian bizi garelarik, ezinbestekoa da jolasteari eta kirola egiteari denbora eskaintzea. Denboraldi osoan zehar, Estadiok haurrentzako jardueren programazio berezia eskaintzen du, haurrek (12 urte arte) ikasiz eta dibertituz ahalik eta gehien goza dezaten.

12 urtetik beherako haurren % 44k egunero bi ordu baino gehiago ematen dituzte pantailari begira. Adin horietan mugitzea beti izan bada garrantzitsua; eta, gaur egun, inoiz baino garrantzitsuagoa: jolastea galtzeko arriskuan dagoen altxorra da. Haurtzaroko jarduera fisikoa ez da energia hori —askotan gehiegikoa den energia hori— gastatzeko modu bat soilik; funtsezko tresna da haurren garapen integralerako. Bizitzaren etapa horretan, gorputza, adimena eta emozioak jolasaren eta esplorazioaren erritmoan taxutzen dira.

Haurren jardueraren helburu nagusia ez da lehiatzea, baizik eta alaitasunez, segurtasunez eta konfiantzaz mugitzen ikastea. Horregatik, jarduera horiek jomuga izan behar dute oinarrizko mugimen trebetasunak garatzea (hala nola: lasterka egitea, jauzi egitea, jaurtitzea edo orekatzea); mugimenduarekiko plazera sustatzea; bizitza osoan iraungo duten ohitura osasungarriak sortzea; talde lana, errespetua eta lankidetza sustatzea; eta koordinazioa, arreta eta memoria hobetzea.

Haien inpaktua arlo fisikoa baino askoz harago doa. Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) dioenez, aktibo dauden haurrek ikasteko gaitasun handiagoa, gogo aldarte hobea eta autoestimu sendoagoa dituzte. Baina ezin dira ahaztu alderdi fisikoak, mentalak eta sozialak ere: mugimenduak hezurrak, muskuluak eta bihotza indartzen ditu, eta pisu osasungarria mantentzen laguntzen du; estresa murrizten du, eta kontzentrazioa hobetzen; eta hainbat balio irakasten ditu, hala nola enpatia, arauekiko errespetua eta besteekin lankidetzan aritzearen garrantzia.

 

Haurrentzako jarduerak, Estadion

Denboraldi osoan zehar, Estadiok haurrentzako jardueren programazio berezia eskaintzen du, 12 urte arteko haurrek ahalik eta gehien goza dezaten, ikasten eta kirolean jardunez: saskibaloian, oinarrizko kirolean, funky hip hopean, futbol+balioetan, futbol akademian, gimnastika erritmikoan, karatean, minibasketean, minifutbolean, igeriketan, padelean, eusko pilotan, tenisean, triatloian...

Jarduera horiek hainbat adinetarako diseinatuta daude, eta langile espezializatuek gainbegiratzen dituzte, txikiek primeran pasa dezaten... eta helduak ere lasai erlaxatu ahal izan daitezen, haurrak esku onenetan daudela jakinda.

Behetik hasita, badira oinarrizko kiroleko proposamen batzuk; horietan, askotariko jarduerak egiten dira, baina helburu bakar bat ardatz gisa hartu gabe. Helburua da oinarrizko mugimen trebetasunak garatzea, horiek eskuratu ondoren hurrengo mailara igaro daitezen.

Oinarrizko kirolaren eta kirol eskolen tartean dagoen maila hori dira, adibidez, minibasket eta minifutbol jarduerak. Astean egun batean saskibaloian edo futbolean aritzen dira; eta beste batean, askotariko joko edo kirolak. Hartara, kirol eskoletara iritsitakoan, haurrek beren trebetasunetan eta mugimen garapenean oinarri bat eskuratu dutenean, aukeratzen duten modalitateko lan espezifikoagoa egin daiteke.

Ariketatik harago doazen onurak

Ikaskuntza prozesu horretan guztian, garrantzitsua da haurrak gogoz etortzea jardueretara. Eta hori lortzen da haiek ondo ezagutuz, nolakoak diren eta zer gustatzen zaien jakinda, eta taldearen beharretara egokituz. Monitoreak beti saiatzen dira konfiantza osoa erakusten, haurrak eroso senti daitezen, inolako beldurrik izan ez dezaten monitoreengana jotzeko orduan, eta laguntza eta figura garrantzitsutzat har ditzaten beren garapenean eta Estadion egingo duten ikaskuntzan.

Jarduera horien beste helburu bat da kirolaren bidez emozioak, autoestimua, konfiantza eta kontzentrazioa lantzea. Alderdi horiek funtsezkoak dira haurren garapenean, eta positiboak dira beste eremu batzuetarako, hala nola eskolarako. Prozesuan, errorea normalizatu nahi da, uler dezatela erratzea normala dela, gauzak hobeto nola egin eta hobeak nola izan jakiteko bidea izan daitekeela. Era berean, frustrazioa kudea dezaten lortu nahi da. Eta ikas dezatela ikaskideak eta joko edo kiroletako arauak errespetatzen, ikas dezatela konpromisoa zer den, eta egunero etor daitezela eskoletara.

Yeray Ibañez

«Saioak prestatzeko orduan, premisa nagusi bat darabilgu beti: haurrak protagonista izatea. Funtsezkoa dugu erreparatzea ea nola heltzen diren saiora, eta ea nola alde egiten duten. Batzuetan, gogo gutxiagorekin etortzen dira, egun txarra izan dutelako, nekatuta daudelako edo zerbait gertatzen zaielako; baina nola alde egiten duten ikusteak erakusten digu ea jolas egin duten, ea dibertitu diren, ea barre egin duten... Saiatzen gara Estadiora datozen haurrek esperientzia zoriontsua izan dezaten, haiek eta gurasoek goza dezaten, ikusita haurrak ondo zainduta daudela, ikasten ari direla eta kirola egiten zoriontsu direla.

Azken finean, gure helburu nagusia da gure instalazioak topagune izatea ohitura onak eta kirol ohiturak sortzeko, gizarte harremanak sustatzeko, jendea ezagutzeko, adiskideak egiteko... eta etorkizunean Estadiora adiskideekin etortzen jarrai dezaten, kirola egiten jarrai dezaten, eta egiten dugun guztia estima dezaten.»