
Ariketa fisikoa egiteko motibazioa askotarikoa izan daiteke: osasuna, lesioetatik osatzea, dibertsioa, lehia... Ariketa egitera garamatzan arrazoia edozein dela ere, mugimenduak on egiten digu gorputzez eta buruz; horregatik, garrantzitsua da gure eguneroko ohituretan sartzea. Are gehiago, bizimodu sedentarioa nagusi dela kontuan izanik.
Mugitzea hil edo bizikoa da, eta, horrenbestez, ez mugitzea egunero pixka bat hiltzea da. Ez dio axola norberaren inguruabarrak zein diren, noiz eta non egiten duen, edota nola mugitzen den; funtsezkoa mugitzea da, eta ondo egitea. Horregatik, aurkezpen horretan eta geroko solasaldian, gai nagusitzat izan genuen zer onura dakartzan jarduera fisikoa eta kirola egiteak bizitzako aro guztietan, umetokiaren barruko garapenaren alditik zahartzaroraino.
Gai horiek landu genituen, eta nabarmendu genuen jarduera fisikoaren eta kirolen arloan lan egiten duten profesional eta teknikarien dema, kirolean parte hartze jarraitua lortze aldera.
- Iñigo Mujika, ariketaren biologian eta jarduera fisikoaren nahiz kirolaren zientzietan doktorea
- Jose Antonio Apraiz, mediku erretiratua, eta atletismoan, saskibaloian, arrantzan eta mendigoizaletasunean kirolari nabarmena.
- Alain Garalde, Gorputz Heziketako maisua.
