Izaro Pérez de Arrilucea

Kategoria absolutuko Espainiako txapelduna «Halterofilia burua da, indarra baino gehiago. Bakarrik zaude barrarekin.»

Izaro Pérez de Arriluceak 40 urte ditu, lan bat, seme bat eta alaba bat, eta duela 20 bat hilabete crossfitetik halterofiliara igaro zen. Markako denbora horretan, kategoria absolutuko bere lehen Espainiako master txapelketa irabazi du. Eta bere buruari epe luzerako helbururik jarri ez dion arren, entrenatzeak hobetzeko motibazioa ematen dio. «Gorputzak "nahikoa" esan arte eutsiko diot. Izan ere, nire ustez, buruari gehiago kostako zaio hori esatea».

Zergatik aukeratu zenuen halterofilia, modalitate minoritario bat, batzuetan estigmatizatua?Txikitan saskibaloian aritu nintzen. Gero, gimnasioetan ibili nintzen, inolako konstantziarik gabe, ez bainuen motibatuko ninduen ezer aurkitzen. Harik eta 2018an crossfitean. Biltzen dituen diziplina guztietatik, halterofilia izan da beti gehien gustatu zaidana. Ostiraletan, Iñigok ematen dituen eskolak ikusten nituen; eta, erabakia hartzea kostatu zitzaidan arren, animatu egin nintzen.
Baina ez dut crossfita erabat utzi. Gustatzen zait, eta ariketa batzuk ondo etortzen dira indarra irabazteko, sabelaldea, sorbalda... Osagarriak dira.

Nola igarotzen da, bi urte baino gutxiagoan, inoiz halterofilia egin ez izatetik Espainiako txapeldun izatera?
Banuen crossfitaren oinarri txiki bat, nahiz eta batzuetan hori ez dakidan ea ona edo txarra den, bizioak kentzea asko kostatzen delako. Baina banekien zer zen barrarekin lana eta ariketak egitea. Eta dena egin ahala joan zen aurrera. Ez naiz inoiz helburuak jartzekoa izan. Izan ere, askotan itxaropenak sortzen dituzu, eta ni oso urduri jartzen naiz; beraz, esaten dut: gerta dadila gertatu beharrekoa.
Titulua lortzeak ilusioa egin zidan, baina batez ere nire buruaz harro egotea. Nork esango zidan niri 40 urterekin kategoria absolutuko Espainiako master txapelduna izango nintzela?
Izen emateak otsailean ireki ziren eta txapelketa apirilean zen; Gijonen zen, hurbil, bagenuen gutxieneko marka... Eta esan genuen: «Tira, goazen, aurrera». Eta hara joan ginen Martin, Ricardo, Iñigo eta ni.

Nolakoa izan zen esperientzia?
Ba, egia esan, oso ondo. Iaz kategoria absolutuko txapelketarako sailkatu nintzen, joan nintzen, ahal nuena egin nuen, eta esperientzia bat gehiago bizi izan nuen estatuko haltera onenekin batera. Eta hau antzeko zerbait izango zen, inolako itxaropenik gabe, presiorik gabe. Giro berezia zegoen; masterren artean bestelako giro bat dago, ez da hain lehiakorra. Azkenean, baditugu urte batzuk, bizitza batzuk, esperientzia batzuk, eta beste modu batera hartzen ditugu gauzak.

Aldatu al du halterofiliak zure bizitza?
Nire egunerokoa ez da erraza. Goizean lan egiten dut; astean hiru edo lau arratsaldetan entrenatzen dut; eta amonaren laguntza behar izaten dut...
Baina gaztetan egin ez dudan guztia orain egiten ari naiz. Inoiz ez da berandu. Hobeto nago, sasoi hobean, 20 urte nituenean baino.
Jende asko ezagutu dut, neure burua antolatzen ikasi dut, denbora aprobetxatzen. Semea futbolean ari den bitartean, eta alaba atletismoan, mandatu batzuk egiten ditut, eta haien bila joaten naiz tarte batez elkarrekin egoteko...

Zer asmo dituzu etorkizunerako, zer helburu dituzu?Entrenatzen, izerditan nabilen denboran, kontzentratu egiten naiz, mundua ahazten dut. Neuretzako unetxo bat da. Ahaztu egiten dituzu umeak, eskolako kezkak, lanekoak...
Benetan, hobetzeko motibazioa ematen dit. Horrenbestez, gorputzak «nahikoa» esan arte eutsiko diot. Izan ere, nire ustez, buruari gehiago kostako zaio hori esatea.
Orain arte ez dut lesiorik izan, eta horrek laguntzen du. Beraz, aurrera. Datorkigunarekin.

Gomendatuko zenieke halterofilian aritzea beste emakume batzuei?
Jakina. Halterofilia ezezaguna da, baina mundu guztiarentzat da. Indarra baino gehiago, teknika da. Ikusten dituzu 45 kilo pisatzen duten neskatoak beren pisuaren bikoitza baino gehiago altxatzen. Azkenean, teknika da, beste ezer baino gehiago. Badago muskulu garapena, baina ez da gehiegizkoa.
Uste dut, baita ere, jende lasaiarentzat dela. Banakako kirola da: zeu zara, barrarekin, eta zeu zara dena egin behar duena. Indarra baino gehiago, burua da.