Haren aitona, Javier Arrizabalaga, Arabako Euskal Pilota Federazioko lehendakari izan zen (bi aldiz), bai eta herriarteko txapelketaren sortzailea ere; txapelketa horren 50. urteurrenean, Jhonek irabazi zuen, Burgeluren ordezkari gisa jokatuta. Haren aitak, Alberto Arrizabalagak, Zidorra Pilota Klubeko arduradun nagusiak, honela definitzen du: «Oso jotzaile ona da, oso sendoa (piloteoan denbora luzez aritzea gustatzen zaio), eta oso sake ona du. Oso azkarra da partidak irakurtzen, badaki non egin diezaiokeen min aurkariari.» Denboraldi honetan bi txapel irabazi ditu (trinketeko argentinar paletako Arabako txapelketa eta gomazko paletako Udaberri txapelketa, biak 22 urtez beherekoenak); aurrez, beste bi txapel bazituen (kategoria absolutuko gomazko paletako Arabako txapelketa eta gazte kategoriako herri arteko txapelketa). Guztiak, Mario Pereira lagun zuela irabazi ditu. Eta argentinar paletako GRAVNIko txapeldunorde izan berri dira, Arabako selekzioarekin.
Daukazun abizenarekin, ia nahitaezkoa dirudi pilotan jokatzea; baina zein adinetan hasi zinen? Beste kirolen bat ere egiten duzu?
Oroitzen naizenetik jokatzen dut, agian sei urte nituenetik... Gomazko paletarekin hasi nintzen, horixe zelako gehien dibertitzen ninduena.
Gero, argentinar paleta probatu nuen: trinketean jokatzen da, pilota biziagoa erabiliz, eta pilotak toki pilo batean egiten du botea; eta gehiago gustatzen hasi zait. Orain, argentinar paleta jarriko nuke aurretik, baina egunaren arabera. Bada zerbait, aldatzen ez dudana: nire lagun Mario. Futbolean ere aritzen naiz. Bi urtez utzi nuen, eta orain itzuli naiz, anaiarekin jokatzeko. Baina pala beti egon da hor.
Zenbat denbora eskaintzen diozu, eta zein dira zure dohainak?
Orain, Hotz Industrialeko bigarren mailan ikasten ari naiz, praktiketan nabil, baina dudan denbora libre guztia pilotarako da. Agian astean hiruzpalau entrenamendu egiten ditut, eta astelehenak uzten ditut partidetatik atseden hartzeko. Niretzat erritmo hau ez da betebehar bat, gozatzen dudan zerbait da, dibertimendu bat, entretenimendu bat, burua pixka bat argitzeko.
Atzelaria naiz, hala gomazko paletan nola argentinar paletan. Iraun handikoa naiz: azken finalean, ia partidaren erdia baino gehiago eman nuen atzean, pilotarik huts egin gabe; eta, nahiz eta errebesarekin eman ohi diodan, ez legoke gaizki ezkerrarekin ere ematea. Dagoeneko horretan entrenatzen ari naiz.
Neska-mutilak entrenatzen ere ari zara.
Bai, entrenatzailea naiz, benjamin kategoriatik kadete mailaraino: 6 - 7 urtetik, 16 urtera bitartean. Haiekin asteburuetan aritzen naiz, gehienbat; haien partidetan izaten naiz, eta haien teknika, kantxako akatsak... zuzentzen saiatzen naiz. Eta, hortik abiatuta, hobetu behar dutenaren arabera, asteko entrenamenduak planifikatzen dira.
Orain arte, eskola lehiaketako kategoria guztietan irabazi dugu: kimu kategorian, haur kategorian eta kadete kategorian (txapeldun eta txapeldunorde). Erabateko arrakasta.
Zein dira zure oroitzapen onena eta txarrena, pilotari gisa?
Zalantzarik gabe, asko gustatzen zaizkit finalak. Batzuk galdu egin ditut; beste batzuk, irabazi. Lehia dagoenean gustatzen zait gehien; emaitza estua denean, partida entretenigarria da, ikusteko polita. Balantzaren beste aldean, ehuneko ehuna eman ez dudan partidak daude, ondo jokatu ez dugunak, geneukan guztia eman genezakeenak baina iritsi ez ginenak. Horrexek eragiten dit amorrazioa, etxera itzultzean.
Oraintxe, nire oroitzapenik onena Udaberri txapelketako azken finala da. Partida bizia izan zen, polita, oso parekatua. Galtzen hasi ginen, eta buelta eman ahal izan genion, gure adiskide ziren aurkari batzuen aurka txapela irabazteko. Gero eta jende gutxiagok nahi du jokatu, baina gure artean oso giro ona dago. Eta, jakina, Herriartekoa irabaztea, haren 50. urteurrenean. Aitonak jarri zuen martxan, eta Mario Pereirarekin irabazi nuen lehen txapela izan zen. Hiru urte daramatzat Pereirarekin, eta elkarrekin jokatutako lehenengo txapelketatik irabazi dugu.
Nola ikusten duzu etorkizuna? Noraino iritsi nahi zenuke?
Espero dut nire ahaleginak eta talentuak bidea ematen didaten punturaino hazten jarraitzea. Duela egun batzuk, Euskadiko selekzioarekin aritzeko deitu zidaten. Argentinan Munduko Txapelketa jokatzeko aurre-hautatuta nago, nire lagun Mariorekin eta beste zazpi pilotarirekin batera. Oraindik ez dakit ea joango naizen, baina aukerak badaude, eta meritua da, dudarik gabe, niri deitu izana.
Pilotari ezagun gehienak nafarrak edo gipuzkoarrak dira. Orain Iker Larrazabal nabarmentzen ari da, baina nolakoa da pilotaren maila Araban?
Araban ez dago maila handirik, eta gero eta jende gutxiagok hartu nahi du parte. Asko futbolarekin edo saskibaloiarekin uztartuz hasten dira pilotan; baina, aukeratu behar denean, pala uzten dute. Nafarrengandik ikasi behar dugu. Badakite noiz dagoen futbola: beraz, ez duzu inoiz eskolako pilota partidarik ikusiko ordu berean. Hemen, federaziora deitu behar dugu, ordutegia alda diezaguten. Azkenean, gurasoak nekatu egiten dira, futboleko edo saskibaloiko entrenamendutik pilotalekura korrika etortzeaz, haurrak jasotzeaz, autoan aldatzeaz... Ez da diru kontua, antolaketa kontua baizik.
