Larraitz Urrestilla: "Mugimendua arreta ipinita"

Larraitz Urrestilla

Larraitz Urrestillak —Zuzenbidean lizentziatua eta Giza Baliabideetako (GB) masterduna— GBetan zuen lanbide-esperientzia utzi eta norbanakoen, lantaldeen eta erakundeen ‘mindfulness’ deritzoneko coaching-ean jarduteari ekin zion.

Dakigun bezala, gizakiak organismo dinamikoak gara, mugitzea dugula behar eta xede; mugimendua geu garenaren parte da, eta ariketa fisikoa egiteko dugun motibazioa askotarikoa da: osasuna, lesioak osatzea, jostatu nahia, lehiaketa, etab. Kirola egitera zerk garamatzan kontuan hartu barik, horretaz gain, mesede egiten digu bai gorputzean bai buruan; beraz, garrantzitsua da gure eguneroko errutinetara zerbait mugimendu eranstea, kontuan izanda gaur egun nagusi den bizimodua, egonekoa edo mugimendu gutxikoa, dela. Mugitzea hil edo bizikoa da eta, beraz, ez egitea egunez egun pixka bat hiltzea da.

Mugitzerakoan, ez dio axola norberaren inguruabarrak nolakoak diren, ez noiz, ez non, ez nola; garrantzitsuena mugimendua da, eta behar bezala egitea. Zernahi ere egiten ari garen, garrantzitsua da horretan arreta ipintzea, ondo atera dadin: partidaren bat jokatzen ari garela, lehiatzea; gorputzaren erritmoa sentitzea dantzan ari garenean; gorputzaren kontzientzia edukitzea errehabilitazioan nahiz erlaxatzen ari garenean; jokatuz jolastea; ondo jarrita egon pedalei ematen ari garenean, korrika egiten nahiz oinez gabiltzanean; entrenatzean ahalegin-gogoak ipintzea… Bost zentzumenak ipintzea egiten ari garen zer horretan, hobeto gozatzeko eta hobeto egiteko.

Larraitzen aburuz, ‘mugimendua bai, baina mugimenduari adi, horrela entrenamendu bikoitza egiten ibiliko gara: gorputzaren iharrena eta arretaren berarena’. Adi egiten den ariketa fisikoa ariketa kontzientea da, eta hala egiten dugunean, burua eta gorputza elkartzen laguntzen egongo gara. Arretaz egiteak ariketa fisikoaren onurak areagotzen ditu, geure mugez jabetuago egotea eta haiek ez gainditzea ahalbidetzen digu, ondorioz, lesionatzeko arriskua txikituz. Adi egiten den mugimenduak esan nahi du, berori egiten den bitartean arnasaren, mugimenduaren, jarreraren, pentsamenduen eta emozioen kontzientzia hartzea’.