12 urte besterik ez du, baina baita adin horretan harritzen gaituen heldutasuna ere. Lasai hitz egiten du, hausnartu egiten du eta bere iritziak tinko mantentzen ditu. Ezaugarri horrek, ziurrenik, jokalekuan nabarmentzeko ere balio izan dio. Arabako txapelduna da kadete kategorian. Eta, pandemiak eta lesio batek lehiarako jauzia atzeratu zioten arren, Euskadiko txapelketako finalera iritsi da eta Espainiako txapelketarako sailkatu da; lorpen horiek etorkizun handi baterako atea ireki diote.
«Zirkuituetan jokatzen jarraitzea eta posizioak pixkanaka eskalatzen joatea erabakitzen badu, gora egin ahal du. Araban norbaitek ahal badu, bera da», esan du haren entrenatzaile Jon Caregak.
Noiz hasi zinen tenisean jokatzen, eta zergatik aukeratu zenuen kirol hau?
Txiki-txikitatik, gurasoek nahi izan dute nik kirola egitea, eta urtebete lehenago igeriketa egin nuen, eta 8. kalean utzi nuen. Ondoren, kirol anitza, patinak, kirol gimnastika, saskibaloia eta atletismoa egin ditut, eta oraindik egiten jarraitzen dut. Dena hemen, Estadion; eta, azkenean, tenisaren alde egin nuen, ez soilik modalitatearengatik, baita entrenatzaileek oso ondo irakasten didatelako ere. Oso talde ona egiten dugu, nahiz eta gero banaka lehiatzen den. Hori gustatzen zait.
Pandemia baino pixka bat lehenago hasi nintzen entrenatzen, eta, hain zuzen ere amaitu behar nuenean, besoa apurtu nuen. Beraz,esan daiteke serio jokatzen duela bi urte pasatxo hasi nintzela. Arabako benjamin txapelketan parte hartzera joan ginen, probatzeagatik; baina irabazi egin nuen, eta kirol honek harrapatu ninduen.
Gainera, oso ondo nabil nire entrenatzailearekin, Jon Careagarekin, bai eta Julirekin eta Julenekin, klubeko arduradun Ivanekin, eta bidean lagundu didaten gainerako kideekin ere.
Nola antolatzen duzu dena, entrenatzeko, ikasteko eta zure adineko neska baten bizimodua izateko? Egunean ordubete edo ordu eta erdi entrenatzen dut, ostegun eta igandeetan izan ezik; baina, batzuetan, aitarekin joaten naiz bolak egitera, eta lehenago nire anaiarekin. Astegunetan, eskolaren ondoren, Estadioko liburutegira joaten naiz entrenatu aurretik. Oraingoz, oso nota onak ateratzen ditut. Oso ondo daramat. Eta, ondo antolatuta daukadanez, batzuetan adiskideekin geratzen naiz, batez ere ostiraletan.
Oraingoz, zein da zure esperientziarik onena tenisean?
Zoriontsuena egin nauena da Euskadiko txapelketako finalera iristea. Izan ere, han banekien Espainiako txapelketara joango nintzela, eta txapelketa hori izan da nire bizitza osoan izan dudan esperientzia polit eta apartenetako bat. Lleidan jokatu zen, eta nire kategoriako tenislari onenetako bati aurre egin behar izan nion. Nahiko ondo geratu nintzen; baina, batez ere, izan dudan bizipenik izugarriena da. Adiskide asko egin nituen: Valladolidekoak, Murtziakoak, Ceutakoak... Eta haiekin harremanetan jarraitzen dut mugikorraren bidez.
Zorionez, oraindik ez dut une txarrik izan. Kantabriako open batera joan nintzen, eta finala hango 1 zenbakiaren aurka egokitu zitzaidan. Oso tenislari ona zen, eta urduri-urduri sartu nintzen. Eskua dardarka nuen, eta lotuta jokatu nuen. Alde handiz irabazi zidan. Autoan, Gasteizera itzultzean, gurasoekin hitz egin nuen, eta esan zidaten ez zela ezer gertatzen, lehiaketara gozatzera joan behar dela, eta nire motxilatik harriak kendu behar nituela. Irabazten denean, irabazten da; eta galtzen denean, ikasten da. Presiorik gabe. Gozatzeko eta ahalik eta onena egiten saiatzeko esaten didate, eta gero zirkuituetan zehar adiskideak eginez joateko, hori baita geratzen zaizuna.
Zein da zure hurrengo erronka? Noraino iritsi nahi zenuke?
Lehen urrats gisa, Euskadiko txapelketa bat irabaztea. Eta, helduxeagoa naizenean, unibertsitatera joatea, karrera bat ikastea eta ITFko aurreko fase batean parte hartzea.
Tenislariren baten antza izan nahi al zenuke?
Bai, Rafa Nadalen antzekoa izan nahiko nuke, duen izaeragatik. Puntu guztiak borrokatzen ditu, ez du bat ere galdutzat ematen, grina izugarria du. Gainera, errespetu handia dio mundu guztiari. Haren azken partida ikusteko zortea izan nuen, Mutua Madriden irabazi zuenean, aurten. Giroa on-ona izan zen, eta asko gustatu zitzaidan ikustea.
Tenisa telebistaz ikustea ere gustatzen zait, nahiz eta zuzenean askoz hobea den, adrenalinagatik. Baina telebistan gehiago erreparatzen diezu jokaldiei, nola egiten duten, eta esatariek esaten dutenetik ikasten duzu.
Estadion denbora asko ematen duzu. Zer gustatzen zaizu gehien?Txiki-txikitatik nator. Gogoratzen naiz nola joaten nintzen liburutegira anaiarekin. Gainera, hemen egin ditut lehen esan dizkizudan kirol guztiak, eta izugarri gustatzen zait udan etortzea eta adiskideekin asteburuetan hemen elkartzea. Itzel pasatzen dugu guztiok, kartetan jolasten, edo igerilekuan, edo kirolen bat egiten. Ia egunero etortzen naiz, nire bigarren etxea bezalakoa da.
