Luta Pela Paz («bakearen aldeko borroka»)

Boxeoa eta arte martzialak, indarkeriaren eta drogen ordezko alternatibatzat

Boxeoa borroka kirol bat da; eta, bortitza izan daitekeen arren, ezaguna da dituen intentsitateagatik, teknikagatik eta estrategiagatik ere. Kontua ez da kolpeak botatzea soilik, baizik eta kolpeak saihestea, blokeatzea, eta noiz eta nola eraso egin jakitea ere. Indar fisikoa probatzen du, baina baita arintasuna, abiadura, koordinazioa, trebetasuna eta presiopean erabakiak azkar hartzeko gaitasuna ere. Boxeoaren aldekoek nabarmentzen dute lagungarria izan daitekeela kontzentrazioa, diziplina, konfiantza eta autoestimua hobetzeko, eta estresa eta antsietatea murrizteko. Alderdi sozialean, errespetua, kiroltasuna eta taldean lan egiteko trebetasunak sustatzen ditu. Zure eskubideak defendatzen eta egoera zailei aurre egiten irakasten duen kirol bat da.

Ezaugarri horiek direla eta, Luta Pela Paz («bakearen aldeko borroka») gobernuz kanpoko erakundeak boxeoa eta borroka arteak erabiltzen ditu, hezkuntzarekin, tutoretzarekin, gazteen lidergoarekin eta enplegagarritasunarekin batera, Maréko gazteei laguntzearren. Maré da Rio de Janeiroko favelarik handienetako bat: 132.000 pertsona bizi dira han, horietatik erdiak haurrak, nerabeak eta gazteak. Han hazi eta bizi direnek hamarkadak daramatzate drogei lotutako indarkeria nozitzen, eta pobrezia maila handiei, zerbitzu publiko mugatuei, gizarte nahiz ekonomia bazterkeriari eta giza eskubideen gehiegikeriei aurre egin behar diete. Ez dute inolako aukerarik, eta egunero liskarrak izaten dituzte poliziarekin. Oraintsuko estatistikek diotenez, 1998 eta 2008 artean 15 - 24 urte bitarteko 30.000 gazte hil zituzten Rio de Janeiron.

Eta 2017an, adibidez, 108 tiroketa izan ziren, eta horren ondorioz 42 pertsona hil ziren, 57 zauritu ziren, eta eskolak 35 egunez itxi zituzten (eskola urtearen % 17).

Luta Pela Paz han hasi zen lanean egoera horri erantzun zuzena emateko asmoz. Proiektua 2000. urtean sortu zen, Luke Dowdney ingeles ikertzailearen eskutik, Viva Rio (1993tik diharduen erakunde bat, egoitza Brasilgo hiriburuan duena) ekimenaren esparruan, gazte horiek bizi zuten indarkeria armatuari eta droga trafikoari alternatiba bat emateko helburuarekin. Dowdneyk kirolean ikusi zuen haiek erakartzeko eta haiekin lan egiteko aukera, eta proiektu integral bat abiatu zuen, borroka arteak eta boxeoa garapen pertsonalarekin uztartuta. 2007an, Luta Pela Paz programa independente bihurtu zen, eta gobernuz kanpoko erakundetzat ezarri zen. Gaur egun, 2.250 gazterekin egiten du lan urtero, eta bere jardueretara joaten diren gazteek % 68 aukera gutxiago dituzte delitu bat egiteko edo arma bat eramateko; aldaketa esanguratsua da, errealitate izugarri horrek markatutako komunitate hartan. Erresuma Batuan ere ireki du akademia bat, eta mundu osoko 17 herrialdetan ditu aliantzak. Luta Pela Paz programaren ardatz nagusia da gazteen delitu jarduerak prebenitzea, haiei modu integralean eragiten dieten arazoei eta bizi egoerei heltzen die, eta gaitzeko ahaleginak egiten ditu. Aukera hobeak eman nahi dizkie gazte horiei, eta aukera horiek baliatu ahal izan ditzatela.

Elkarteak bost zutabe hauek ditu: boxeoa eta borroka arteak; hezkuntza; lanerako prestakuntza; laguntza zerbitzuak; eta gazteen lidergoa. Horien bidez, asmoa da programan parte hartzen duten nerabeek beren bizitzan eta bizi duten egoeran aldaketak egin ahal izatea, beren garapen pertsonalaren bidez eta eskaintzen zaizkien aukerak ahalik eta gehien aprobetxatuz.

Horrela, elkarte horrek ezberdinkeriak eta indarkeriak eragindako komunitateetan lan egiten du, haurrak eta nerabeak garatu ahal izan daitezen eta gizarte seguru eta inklusiboak eraikitzen laguntzearren. Helburu horretarako, ezinbestekoak dira laguntza sare bat eta ingurune seguru bat.

Gazteak aldaketarako eragiletzat onarturik —izan ere, funtsezko zeregina betetzen dute erakundearen ikuspegian, erabaki-hartzean eta estrategian—, erronka horiei heltzen diete, hiru ikuspegi estrategiko hartuta:
Akademiak. Bost zutabeen metodologian oinarritutako programa integralen bidez haien potentziala garatzen laguntzen diete.
Inpaktu kolektiboko metodologia. Tokiko eragileak, gobernua eta erakundeak integratzeko helburua du.
Aliantza. Horren bidez, ezagutzak partekatzen dituzte, eta mundu osoko erakunde komunitarioei laguntzen diete, gazteak ardatz dituzten programak indartzearren, trebakuntzaren, aholkularitzaren, trukeen eta elkarte berrien bidez. Elkarte horiek hainbat herrialdetan daude: Botswanan, Brasilen, Kolonbian, Egipton, Ghanan, Jamaikan, Kenyan, Mexikon, Perun, Sierra Leonan, Hegoafrikan, Surinamen, Trinidad eta Tobagon, Ugandan, Erresuma Batuan, Estatu Batuetan eta Zimbabwen.