
Pandemiak Espainiako txapelketa kendu zion iaz, baina uztailean Marta Echauri (Gasteiz, 19 urte) gimnastikako urrezko domina desiratuarekin itzuli zen Valentziatik, aerodance modalitatean. Hala ere, ez da diziplina horretan soilik nabarmentzen. Izan ere, selektibitatean (EBAU) Arabako notarik onenetan hirugarrena atera zuen; eta, ikasturte honetan unibertsitatean ingeniaritza ikastera sartu den arte, lagunekin egindako irteerekin eta neskato talde baten entrenatzaile lanarekin uztartzen zuen.
Noiz eta nola hasi zinen gimnastika egiten? Zergatik aukeratu zenuen aerodance modalitatea?
Lau urterekin hasi nintzen gimnastika erritmikoa egiten, anaia zaharrenari gustatzen zitzaiolako. Biok elkarrekin joan ginen probatzera, eta ni geratu egin nintzen. DBHko lehen mailan, aerobikora aldatu nintzen. Erritmikoa egiten nuenean, asko gustatzen zitzaidan aerodancea ikustea, gimnastika modalitate bat delako, baina dantza puntu izanik. Modernoagoa da, desberdina.
Zenbat entrenatzen duzu? Eta zein da zure eguneroko errutina?
Astearte eta ostegunetan bi orduz entrenatzen dugu, eta larunbatetan 9:00etatik 12:30era. Orain, unibertsitatean, ezin diot hainbeste denbora eskaini, eta egokitzen joan behar izan dugu. Bilbon ikasten dut eta Bilbon bizi naiz; beraz, ikasturtean zehar Gasteiza etortzen nintzen entrenamenduetara, eta, amaitzean, autobusa hartzen nuen itzultzeko. Neke handi samarra zen, ez bainintzen Bilbora gaueko hamaikak eta laurden arte iristen, eta biharamunean eskola neukan. Egia esan, oso malda pikoa izan da niretzat. Ea erritmo honekin jarrai dezakedan pentsatzen ari naiz; baina asko gustatzen zait, eta ez dut gimnasia utzi nahi. Pena da Bilbon talderik ez izatea.
Gimnastika egiteaz gain, Arabako hirugarren notarik onena atera zenuen selektibitatean, neskato talde baten entrenatzailea zinen, eta adiskideekin irteteari utzi gabe. Nola lortzen duzu dena uztartzea?
Ez da zaila. Kontua da antolatzea. Zure planak egin behar dituzu, zer egin behar duzun jakinda. Ostiral arratsaldeetan entrenatzen nituen neskatoak, banekien egun horretan ezin nintzela geratu, eta larunbatetan ateratzen nintzen adiskideekin. Eta arratsaldeetan ikasten nuen, entrenamenduak amaitzean.
Zer gustatzen zaizu gehien kirol honetan?
Gimnastika aerobikoan gehien gustatzen zaidana gure talde arima da. Aeróbic Biribildu taldean sortu dugu talde espiritu hori; eta, beste kirol batzuetan gerta badaiteke ere, gimnastikan beste inon ez bezalakoa da. Zure lagunengan konfiantza osoa izan behar da. Norbait airera botatzen badugu, gainerakoez fidatu behar da. Eta garaipen bakoitza guztion garaipena da.
Zer eman dio gimnastikak zure bizitzari?
Haren balioek eta batez ere gimnastika egiteak dakarren diziplinak bizitzarako balio didate, estudiatzeko. Asko balio izan dit beti helburu bat finkatzen eta helburu hori lortzeko lan egiten jakiteak.
Gainera, oso harro nago Belasar proiektuan parte hartzeaz. Nire lagunek sortutako talde inklusibo berri bat da, aniztasun funtzionala duten eta unibertsitatera joan arte entrenatu nituen neskatoak hartzen dituena. Mundu guztiak balio duela kontzientziatu behar dugu.
Uda aurretik, Espainiako aerodance txapeldun atera zinen. Iaz, bertan behera geratu zen txapelketa, pandemiaren ondorioz... Nola ari zara bizitzen egoera hori?
Oso urte gogorra izan da. Entrenamenduak murriztu behar izan dira, beti maskara jantzita, eta batzuetan sentitzen nuen ezin nuela arnasarik hartu ere. Lagun bat Espainiako txapelketara joan gabe geratu zen, astebete lehenago kutsatu zelako. Urtebeteko lan guztia, ezertarako ere ez. Ni neure burua zaintzen saiatu naiz, baina zero arriskurik ez dago. Beti arriskatzen zara nolabait, baina ezin gara etxean sartuta bizi, beldurrez.
Datorren urtean ez dakit oso ondo zer egingo dugun. COVIDaz gain, gimnastikako araudia aldatuko dela esan digute. Ikusiz eta erabakiak hartuz joango gara.
Zer helburu dituzu epe laburrera?
Uste dut Espainiako txapelketa nire sabaia dela. Estatu mailan dena egin dut. Nire ametsa nazioarteko txapelketa batera joatea izan zitekeen, baina ez dut neure bizitza sakrifikatzeko gogorik hori lortzeko. Bizi egin behar dugu, 19 urte ditut eta bizitzaz gozatu nahi dut. Daukadan taldea, egin ditudan adiskideak, hori ez dit inork kenduko.
Kirol hau gomendatuko zenieke gazteenei?
Gomendatuko nieke; eta, gainera, zenbat eta txikiagotan hasi, hobeto. Ni 4 urterekin hasi nintzen, eta ez naiz inoiz nekatzera iritsi. Jarraituko nuke. Sekulako adiskideak egiten dira, eta zure bizitzarako ekarpen handia den diziplina bat ematen dizu. Eta bizitza osorako adiskideak nahi badituzu, beti lagunduko dizutenak eta zuretzat onena nahi dutenak, gimnastika da zure kirola.
Profila
- Gasteizko toki bat: Armentia
- Hondartza edo mendia: hondartza
- Liburu bat: If I Stay, Gayle Forman idazlearena
- Film bat: Forrest Gump, Robert Zemeckis zuzendariarena
- Miresten duzun kirolaria: Ona Carbonell
- Ikusi nahi izaten duzun kirol bat: igeriketa artistikoa
- Zure bertute handiena: ordenatua izatea
- Sare sozialak: @marta.echauri
