
Mikel Bringas, zikloturismoaren zale amorratua, familiartean egiten bada, batez ere, gurpil gaineko oporren, bidaiatzeko eta turismoa egiteko gero eta gehiago baliatzen den modu baten, antolatzaile gisa mintzatu zitzaigun, eta 20 urtean 5 kontinenteetan metatu duen esperientzia kontatu zigun.
Bai, gero eta gehiago dira bizikletan bidaiatzea aukeratzen duten pertsonak, txirrindula edo bizikletentzako pista-sareak baliatuz, ezen, gainera, horrelakoak gero eta gehiago ari dira hedatzen —Europan, bereziki—. Eta haiek, ibilbide berri bat planifikatzen eta antolatzen hasten direlarik, erantzun gabeko galderak izaten dituzte mota desberdinetako gai praktikoei buruz.
Galderak izan ohi dira, besteak beste, norekin?, non aurkituko dut informazioa?, noiz?, txirrindulaz zenbat eta turismoa zenbat?, berdin ote dira egun batean pedalei asko eragin eta egun askoan gutxi? Ze erosotasun maila?, zenbat egunez?, nondik nora bidaiatu? Zenbat planifikatu, zenbat inprobisatu?, ze material eraman?, eta itzultzean kontatzen badut? Bada, horiei guztiei erantzun zien Mikelek, bere ezagutzan eta esperientzian oinarrituta, aukera bakoitzaren alde onak eta txarrak adieraziz, bidaiatzeko modu hori, patxadatsua, jendearekin kontaktuan egonda eta bost zentzumenak ipinita, esperientzia ahaztezin eta aberasgarria izan dadin.
