Mikel Ruiz de la Illa

Gimnasta: “Txikitatik zen nire helburua nazioarteko txapelketa batean parte hartzea, eta lortu dut”

Mikel Ruiz de la Illa

Zure bizitza osoa gimnasiari lotuta egon da. Nola hasi zinen?

Txikia nintzenean ez nintzen etxean gelditzen. Gurasoek ikusi zuten malgutasuna nuela, koltxonetetan salto egitea gustatzen zitzaidala, eta gimnasiara apuntatu ninduten energia askatzeko. Ederki asmatu zuten aukeratzean. Lau urte nituen; eta ia hogeirekin, hor jarraitzen dut.
Urtebetera, lehiaketa taldean sartu ninduten. Joko gisa hartu ordez, elementuekin hasi nintzen. Nire lehen txapelketa sei urterekin izan zen.
Ikastolan futbolean ere aritzen nintzen, adiskideekin egoteagatik, baina partidak larunbat goizean izaten ziren, nire entrenamendu orduekin batera. Nahiago izan nuen gimnastikarekin jarraitu. Gainera, futbolean oso iaioa ere ez nintzen (barrez).

Lehenengo lehiaketa hartatik, zein izan da zure ibilbidea?

Bizkaian eta Gipuzkoan ez dago horrelako klubik. Posible diren titulu guztiak lortu ditut Arabako eta Euskadiko txapelketetan. Espainiako txapeldunorde ere izan naiz behin, ez dut sekula ahaztuko. Irabazten aritu nintzen txapelketa osoan, eta azken aparatuan, uztaietan, tontakeria bat aldatu zidaten ariketan, eta erori egin nintzen. Eroriko bakoitza puntu bat da, eta nik baino bost milaren gehiagorekin irabazi zidaten.
Orain, maila absolutuan (10. maila), zailagoa da, aurre egin behar diezulako Olinpiar Jokoetan lehiatzen diren gimnastei, talde nazionalarekin dihardutenei... Errendimendu handiko zentroetan dagoen jendea da, egunero sei ordu sartzen dituena, eskola orduak aldatzen dizkietenak, fisioak dituztenak, profesionalak direnak.

Orain unibertsitatean ikasten ari zara. Nola uztartzen duzu?

Lehen gehiago entrenatzen nuen, baina orain ezin dut. Ingeniaritza Digitala ari naiz ikasten. Karrera duala da: goizean Laudioko enpresa batean egiten dut lan, bost orduz, astelehenetik ostegunera; eta arratsaldean 15:00etatik 19:00etara izaten ditut eskolak.
Beraz, egunero bi orduz besterik ez dut entrenatzen, astean bost egunetan; ostegunetan ezin dut, eskolengatik, eta igandean atseden hartzen dut. Bederatzietan irteten naizenean, zuzenean joaten naiz etxera. Etxeratze aginduarekin, ez dago gehiagorako astirik.

Diziplina honek dedikazio handia eskatzen du. Zer ematen dizu? Gomendatuko zenuke?

Gimnasiak askatzen nau, energia askatzen dut. Nekatuta edo haserre joan naiteke entrenatzera, baina lasai eta zoriontsuago ateratzen naiz. Eta arlo pertsonalean ausardia handia ematen dit, amorrua barrutik atera eta bideratzeko aukera. Hau tematzeko kirola da. Pertseberantzia behar da. Ez etsi. Hogei aldiz eroriko zara, etxera haserre joango zara, baina hurrengo egunean berriro saiatuko zara.
Sakrifiziora ohitu beharra dago. Eta fisikoki gogor samarra izan behar: kolpe asko daude, zauri asko, babak eskuetan... Horrela ibilita ere, ezin diozu aparatuetan aritzeari utzi; eutsi egin behar diozu, eta borondatea izan behar duzu berriro igotzeko, min ematen badu ere.
Dudarik gabe gomendatuko nuke. Gainera, txikienentzat ere oso ona dela uste dut, oso kirol mugitua delako, salto egiten duzulako, korrika egiten duzulako; ez zara iritsi eta berehala barran jartzen, jolas bat bezala hasten zara.

Zein da zure helburua, gimnastatzat?

Nire helburua, txikitatik, nazioarteko txapelketa batera iristea zen. 2020an, pandemiaren aurretik, Palma Mallorcakoan egin zen batean parte hartu nuen. AEBetatik, Kanadatik eta Europako beste herrialde batzuetatik etorri ziren. Nire helburu pertsonala zen, eta lortu dut.
Gustatuko litzaidake ahal dudan urte guztietan gimnastikan jarraitzea, egunerokoan mantentzeko sasoia izatea, eta aurten lehiatzen amaitzea. Eta, noski, ikusi nahiko nuke ea datorren urtean entrenatzen jarrai dezakedan, lehiatzen jarraitzeko.
Etorkizunean ez dut neure burua entrenatzaile lanetan ikusten, egunero-egunero aritu behar delako eta sakrifizio handia delako, baina bai udako eskolan edo ikastetxeetan laguntzen, nire aletxoa ematen. Orain egiten dut, eta lotuta jarraitzeko modu bat da. Gainera, ondo pasatzen dut txikiekin egonez, haiei lagunduz, zuzenduz...

Nola eragin dizu aurten pandemiak?

Koronabirusak ez dit entrenatzea eragotzi. Murrizketak errespetatzen ditugu, zapatilak eta eskuak desinfektatzen ditugu, sukarra kontrolatzen dugu, maskara erabiltzen dugu, errenkadetan distantzia gordetzen dugu... Eta entrenamendu ordutegiak egokitu ditugu, gimnasioan beste klub batekin ez elkartzeko.
Espainiako Txapelketa uztailetik abendura atzeratu zen, baina egin ahal izan zen. Ondo joan zitzaidan. Jakin badakit ezin naizela goi mailako gimnastekin lehiatu, ez daukat begia podiumean. Nire mailakoak dira nire erreferentzia, eta jauzian bosgarren geratu nintzen hogeita hamar parte-hartzaileren artean. Oso pozik geratu nintzen.
Aurten, txiste bat dirudi, baina Kopa online izango da. Bakoitza bere gimnasioan egongo da, eta bideokonferentziaz egingo da. Hilero aparatu bat. Uste dut berritzeagatik egin dutela, ez baitut ulertzen saskibaloi edo futbol partidak izatea eta txapelketa bat ezin egin izatea. Sei hilabete beharko dira arratsalde batean egin ohi dena egiteko.

Perfil

  • Gasteizko toki bat: Armentia.
  • Hondartza edo mendia: mendia.
  • Liburu bat: Perfumea, Patrick Suskind idazlearena.
  • Film bat: 6 Underground, Michael Bay zinemagilearena.
  • Miresten duzun kirolaria: Kohei Uchimura.
  • Ikusi nahi izaten duzun kirol bat: edozein kirol aktibo.
  • Zure bertute handiena: nire inguruko jendeaz kezkatzea.
  • Sare sozialak: Instagram @mikel_rdli