
Zenbat urterekin hasi zinen kirola egiten? Zergatik aukeratu zenuen tenisa?
Nire familian kirola oso errotuta egon da beti, naturaltasun handiz bizi izan dut, eta erraztasun eta babes asko izan ditut hainbat modalitate praktikatzeko. Nire aitona futbolaria izan zen arren, eskia dugu familiako kirol tradizionala. Hiru urte bete baino lehen, anaiak eta biok gure lehen jaitsierak egin genituen.
Amaren aldetik, Zarauzkoa dugu aitona; eta Zarautzen, udetan, eski nautikoa eta surfa egiten nituen, ibiltzen hasi nintzenetik ia. Gero, nire anaia zaharrenaren arrastoari jarraituz, sei urterekin erraketarekin probatzen hasi nintzen Peñan, eta egia esan oso erraza egin zitzaidan hasieratik.
Zortzi urterekin hasi nintzen lehiaketan: Candanchú Esquí Club taldearekin entrenatzen nuen, eta tenisa Peñan astean bi egunetan. Elur denboraldia amaituta, tenisean gehiago aritzen nintzen, eta udako jarduerekin dibertitzen nintzen. Hamahiru urte nituela, familia osoa urtebetez Ingalaterrara joan ginen bizi izatera. Orduantxe erabaki nuen tenisean serioago aritzea. Eskiatzera ez joateak nire erabakia erraztu zuen.
Peña Vitoriana tenis klubaren eskolan hezia, errendimendu handiko zentro batean bizi zara orain. Nolakoa izan da zure aurrerapena tenisean?
Teniseko nire lehen urteak Peña Vitorianan izan ziren (nahiz eta neguan zaila izan eskia eta tenisa uztartzea). Aurrera egin ahala, Mendizorrotzera igaro nintzen, eta, ondoren, Donostiako CD Pinterrera. Baina urratsik garrantzitsuena, zalantzarik gabe, Ingalaterrako egonaldian egin nuen. Oso esperientzia onuragarria izan zen, alderdi guztietan. Beste hezkuntza eta kultura bat ezagutzeaz gain, Batheko Unibertsitatean entrenatzeko zortea izan nuen. Entrenamendua eta ikasketak uztartzeko aukera eman zidan lehen lekua izan zen, ia bete-betean tenisean aritzen nintzen lehen urtea izateaz gainera. Antolakuntza eta instalazio harrigarriak zituen (prestakuntza fisikoa, hitzaldiak, banakako jarraipena...). Klub baten eta errendimendu handiko zentro baten arteko urrats bat zen, guztiz berria niretzat. Urte hartan lortu nuen haur mailako nire lehen Euskadiko txapelketa, eta nahiko tenis erasokorrarekin itzuli nintzen Gasteiza.
Itzultzean, Peñak gonbidatuta parte hartu nuen nire lehen ITFan, eta torneo horretan hitzartu nuen Bartzelonara joan nintzela urtebetez; ondoren, Valentziara, eta han entrenatzen eta ikasten dut gaur egun.
Nolakoa da orain zure eguneroko bizitza? Nola uztartzen duzu ikasketekin, adiskideekin eta aisialdiarekin?
Resortean bertan bizi eta entrenatzen naiz. Bertan, esperientziak partekatzen ditut teniseko, beste kirol batzuetako eta ikastetxeko lagunekin. Tenisean entrenatzen dut astegunetan, 8:30etatik 10:30era; eta 11:00etan, eskola 17:00ak arte. Gero, prestakuntza fisikoa eta ikasteko garaia.
Ikasketak eta entrenamenduak uztartzea (batez ere lehiaketarekin, eskolara ez bertaratzea eragiten baitu) nahiko gogorra da; batez ere orain, batxilergoan. Baina motibazioak eta hobetzeko ilusioak eramangarriago egiten dute.
Ia ez dago asti librerik, baina aspertzeko astirik ere ez. Eta hor daude taldekideekiko eta ikaskideekiko harremanak, bidaietako esperientzia, eta, jakina, familia eta adiskideak bisitatzearren Gasteiza Gasteiza egindako bisitak, hain ohikoak ez direlako zirraragarriagoak baitira.
Hainbesteko ahaleginak eragiten dit gehiago baloratzea lortutako emaitzak, nahiz eta zailena porrotekin eta lesioekin borrokatzea den. Positiboa izaten saiatzen naiz, eta arreta gozamenean eta hobekuntzan jartzen. Batzuetan gauzak ez zaizkizu ondo ateratzen, eta une horietan izan behar da indartsua, aurrera egin, eta babesa ematen ari zaizkizun pertsonez oroitu.
Zein dira teniseko zure oroitzapenik onenak?
Euskadiko garai hartako haur mailako 1. zenbakiari irabazi nion finala: klub arteko Euskadiko titulua eman zion Pinter klubari, eta ondoren Espainiako txapelketako kontsolazio finala irabazi genuen. Edo Pochin txapelketako finalerdia, Peña klubean, 14 urterekin, jokalari profesional baten aurka... Iaz Euskadiko kadete txapelduna izan nintzen, Euskadiko junior azpitxapelduna, Euskadiko absolutu azpitxapelduna, eta Euskadiko binakako mistoko absolutu txapelduna Luis Chavezekin batera; finalera heldu nintzen Marca Jóvenes Promesas lehiaketan... Urte ikaragarria.
Zer ematen dizu tenisak, pertsona gisa?
Tenisa kirol bereziki gogorra da arlo mentalean. Oso bakarrik zaude jokalekuan, denbora luzez, eta ez du axola zein ondo egin duzun denboraren % 80an: amaitu egin behar da. Horrek indartsuago izanarazten zaitu une zailetan; erabakiak hartzen irakasten dizu, eta ahalegina, une onak eta dedikazioa baloratzen. Gurasoengandik ikasi ditudan balioez gainera, egunez egun lagunengandik, aurkariengandik, entrenatzaileengandik... jasotzen ditudanak gehitu behar ditut.
Zein da zure helburua tenisean?
Oraingoz, entrenatzea eta maila igotzea da nire helburua, nazioarteko torneoetan eskarmentua hartuz (aurten ITF juniorrekin hasi naiz). Espainiatik kanpoko nire lehen txapelketak egin ditut (Serbia eta Puerto Rico); horretarako gogo handia nuen, eta orain arte gurasoek nahiago zuten itxaron.
Ikasketak alde batera utzi gabe —eta, beharbada, Estatu Batuetako unibertsitate batetik igarota—, maila profesionalean jokatzen saiatu nahi nuke.
Perfil
- Gasteizko bazter bat: Erdialdea.
- Film bat: World War Z, Marc Forster zuzendariarena.
- Liburu bat: L’Anomalie, Hervé Le Tellier idazlearena.
- Mania bat, kirolean: Ez dut halakorik.
- Bertute bat: Ez nituzke neuk nire bertuteak nabarmendu behar, baina besteez kezkatzen natzaie (batez ere babesgabekoenez), eta gatazkak saihesten ditut (gauzak ondo egin behar dira).
- Akats bat: Asko ditut (baina txikiak).
- Beste kirol batzuk: Waterskia, eski alpinoa, surfa...
- Ikusi nahi izaten duzun kirol bat: Tenisa.
- Miresten duzun kirolaria: Djokovicken jokoa miresten dut, eta Rafa Nadal, inork ezin ditu berak bezala ordezkatu kirolaren balioak (ahalegina, nork bere mugak gainditzea, apaltasuna...). Maite dut Naomi Osaka ere, bere joko oso zuzenagatik, eta oso naturala delako jokaleku barruan eta kanpoan.
- Instagram: @nadine_arbaizar
