Olga Molinero

Kirolak nire bizitza salbatu du: erresilientzia, kirolean eta kirolaren bidez

Olga Molinero

Bizitza beteta dago gorabeheraz, gertaera estresagarriz, egoera zailez, eta gure funtzionamendu psikologikoan kaltea eragin dezaketen galera konponezinez. Espainiako Osasun Mentaleko Konfederazioaren ikerketa batek dioenez, pandemia honek handitu egin ditu antsietate, depresio eta insomnio mailak; bai eta herritarrak osasun mentalaren garrantziaz areago sentsibilizatu ere. Izan ere, biztanleen herenak larritasun maila kezkagarriak adierazten ditu, eta kopuru hori biztanleen erdiraino igotzen da gazteenen artean.

Baina pertsona guztiek ez dute berdin erreakzionatzen antzeko egoerekin. Zer da horretan elkarrengandik bereizten gaituena? Erresilentzia, egunero entzuten dugun hitz bat. Baina ba al dakigu zer den? Psikologian, erresilientzia aipatzen dugunean, pertsona bakoitzak ezbeharretara modu positiboan egokitzeko duen trebetasunaz ari gara; hau da, egoera zail horiei aurre egiteko eta egoera horietatik indarberrituta ateratzeko gaitasunaz.

Subjektu erresilientea jaio edo egin egiten da? Aldatu egiten al dira gure erresilientzia mailak bizitzan zehar? Landu daiteke? Erresilientzia denboran zehar garatzen den gaitasun bat da, pertsona bakoitzaren ezaugarrien eta ingurunearen arteko elkarreraginetatik abiatuta. Beraz, prozesu dinamikoa izango litzateke, eta ezbehar batzuek subjektuaren baliabideak gainditu ditzakete, dituen estrategien, zirkunstantzien, gertaeraren izaeraren, testuinguruaren eta bizitzako etaparen arabera. Hainbat ikerketak dioenez, pertsona erresilienteek ezaugarri komunak izango lituzkete, hala nola: proaktibitatea, baikortasuna, emozioak hitzez adierazteko gaitasuna, asertibitatea, eta beren ingurunean gizarte babeseko sistema bat izatea.

Ezagunak dira gorputz eta kirol jarduerak zer-nolako onurak dakartzan osasuna sustatzearren arlo fisikoan, kognitiboan, emozionalean eta sozialean. Gorputz eta kirol jarduera egiten dutenei autokonfiantza eta egonkortasun emozionala handitzeko aukera ematen die, eta horretaz baliatu dira erresilientzia lantzeko eta sustatzeko programak. Ikuspegi positiboak erabiltzea, gizarte laguntzarekin, etengabeko atzeraelikadura, kirolaren eta ariketaren esparruan sortzen den ebaluazio eraginkorrari lotutako helburu argiak ezarriz, erabili diren estrategietako batzuk dira; eta erakutsi dute baliagarriak direla parte hartzaileen presioak eta beldurrak murrizteko.

Kirola egiteak, kasu gehienetan, harreman edo laguntza sareen errespetuan eta hedapenean oinarritutako jokabide erresilienteak garatzeko giro mesedegarria sortzen du, eta parte-hartzaileak esfortzua jasatera eta saria atzeratzera ohitzen ditu. Autonomia sustatzen du, erabakiak hartzeko gaitasuna eta lidergo gaitasuna garatuz.

Ondorioz, erresilientea izatea funtsezkoa da helburuak lortzeko eta ametsak betetzeko. Eta, ezaugarri hori garatzeko, oso tresna erabilgarria izan daiteke jarduera fisikoa eta kirola egitea. Pertsona bakoitzak bizi dituen egoerek erresilientzia maila altuak sor ditzakete, autokonfiantza, egonkortasun emozionala eta gizarte babesa handituz, eta bizitzako beste esparru batzuetara estrapolatu daitezke.

Olga Molinero, Leongo Unibertsitatea.