Teresa Gorospe

“Gimnastikak diziplinatuagoa izaten eta denbora hobeto aprobetxatzen laguntzen dit”

Teresa Gorospe

Arabako gimnastika erritmikoak 1996ko abuztuaren 2an jo zuen goia. Egun hartan, Espainiako emakumezkoen taldeak, hiru arabarrekin, Atlantako Olinpiar Jokoetan urrezko domina irabazi zuen. 24 urte geroago, harrobiak fruitu ugaria ematen jarraitzen du, eta hor bereziki nabarmentzen da Teresa Gorospe. 15 urte besterik ez duelarik, dagoeneko ibilbide luzea du egina. Marga Armas entrenatzailearen eskutik, Espainiako txapelketetan ez da podiumetik jaitsi alebin mailan zebilenetik. Gorosperen iraunkortasunak iaz jaso zuen sari handia: Alejandra Quereda hautatzaile nazionalak deitu zion, eta elkarrizketetan Gorosperen «lan, talentu eta ahalegin itzela» nabarmendu du. Otsailean, Moskun, parte hartu ahal izan zuen azken nazioarteko neurketan, laugarren postua lortu zuen mazoetan. Eta itxura du gehiago ere lortuko duela. Ikasturte honetan DBHko 4. maila hasiko du Corazonistas ikastetxean. Medikuntza ikasteko eta bere kirol ibilbidea amaitzean pediatra izateko asmoa du. Dotorea tapizean, eta gorputzaren erabateko kontrolarekin, Teresak pluralean hitz egiten du beti: «Marga eta ni». Teresa aritzen da lehiatzen, baina entrenatzailearen presentzia etengabea da elkarrizketan. «Gimnasta bakoitzetik onena ateratzea lortzen du», adierazi du.

Noiz hasi zinen gimnastikan?

Sei urte nituela hasi nintzen, Lehen Hezkuntzako lehen mailan. Eskolako kide batzuk gimnastikan aritzen ziren. Ikusi nuen eta gustatu egin zitzaidan, eta amari eskatu nion nire izena emateko. Oskitxo taldean hasi nintzen, eta 8 urterekin Beti Aurrera taldera igaro nintzen. Pilota da nire aparaturik gogokoena. Harekin moldatzen naiz hobekien. Gainera, maitasun handia diot, pilotarekin parte hartu nuelako Errusiako mundu txapelketan, iazko uztailean, Moskun.

Zein da zure ohiko entrenamendu errutina?

Orain, udan, goizeko 10etan iristen gara, eta arratsaldeko 3etan amaitzen dugu. Bost ordu egunero. Lehenik, lesioak prebenitzeko ariketak egiten ditugu: iskioak eta Akilesen tendoia lantzen ditugu. Ondoren, beroketa espezifikoak egiten ditugu. Eta gero, aparatuak hartzen ditugu ariketak egiteko. Gainera, astelehen, asteazken eta ostiraletan balleta egiten dugu; eta astearte, ostegun eta larunbatetan, prestakuntza fisikoa. Ikasturteak irauten duen aldian, 14:25etik 15:30era bitartean irteten naiz eskolatik; bazkaltzen dut; eta arratsaldeko 4etan dagoeneko entrenatzen dihardut Abetxukuko kiroldegian, 8:30ak arte. Oso ondo uztartzen dut ikasketekin. Oso nota onak atera ditut, eta nahiko arduratsua naiz. Gimnastikak diziplinatuagoa izaten eta denbora hobeto aprobetxatzen laguntzen dit. Libre daukadan tarte bakoitza ikasteko eta lagunekin geratzeko erabiltzen dut.

Zer ekarri dizu Alejandra Quereda junior hautatzailearen deiak?

Poz handia. Marga eta biok oso gogor aritu gara lanean luzaroan; beraz, asko eskertzen diot niri babesa eman izana eta amore ez ematen lagundu izana. Nigan konfiantza handia izan zuen. Denbora asko behar izan genuen iristeko, ez zen erraza izan. Eta Alejandrari eskertzen diot niri deitu izana. Oraintxe, Marga eta biok lanean ari gara aukerak izaten jarrai dezagun.

Ikusgarriak dira zure aurrerapenak. Noraino iritsi nahi duzu?

Gimnastika eguneroko erronkak dira, egunero ondo entrenatzea eta gorenera iristeko eboluzionatuz joatea. Orain, adibidez, nire jomuga da azaroko Europako junior txapelketa, Ukrainan. Hara joan ahal izateko tokia lortu nahi dut.

COVID-19ak eragindako geldialdia baino lehen, Moskun izan zinen, eta lehiaketaz betetako urtea izango zenutela zirudien. Zer asmo duzu orain?

Lehiaketa gehienak bertan behera geratu dira, eta batzuk azarorako eta abendurako programatu dira, baina ez dakite ea egingo diren ala ez. Garrantzitsuenak Ukrainako Europako txapelketa eta Espainiako txapelketa dira. Gustura jasoko nuke hautatzailearen deia, kontzentrazioetarako eta nazioarteko txapelketetarako, halakorik baldin badago; Europako txapelketarako tokia lortu nahiko nuke, Espainiako txapelketan parte hartu...

Zer du Gasteizek, aldian-aldian gimnasta handiak sortzen baitira?

Batez ere, nire entrenatzailea. Izan ere, gimnasta bakoitzari errendimendurik handiena maximoa ateratzen daki, eta txapeldun egiten ditu. Halaber, Gasteizen nahiko langileak eta apalak gara, eta uste dut ezaugarri horiek oso garrantzitsuak direla kirol honetarako.

Profila

  • Gasteizko toki bat: Espainia plaza eta Estadio.
  • Hondartza edo mendia: hondartza.
  • Liburu bat: Malory Towers, Enid Blyton idazlearena.
  • Film bat: The Parent Trap, David Swift zuzendariarena.
  • Miresten duzun kirolaria: Dina Averina, munduko txapeldun hiru aldiz izan den errusiar gimnasta.
  • Ikusi nahi izaten duzun kirol bat: gimnastika artistikoa.
  • Zure bertute handiena: oso langilea naiz.
  • Sare sozialak: Instagram teresa_gorospe