Unai Baigorri

Gimnastika artistikoko Espainiako selekzioko kidea

«Beharrezkoak dira pazientzia, anbizioa eta entrenatzen eta hobetzen jarraitzeko motibazioa. Merezi du.»

Unai Baigorri (Gasteiz, 2005) 6 urterekin hasi zen gimnastika artistikoa egiten, urtebetetze bateko puzgarrietan jarduera hori ezagutu ondoren. Bi urte geroago, Arabatxo Klubean entrenatzen ari zen. Haren arrakasten zerrenda etengabe hazi da: 2015az geroztik, Espainiako txapelketa ia guztietan parte hartu du, eta beti jaso du dominaren bat lepoan. Espainiako txapeldun izan da (2019), bide olinpikoaren kategorian; Xabier Larrimbe entrenatzaile gasteiztarraren eskutik, Europako Junior Txapelketan parte hartu zuen (2022); eta nazioarteko bere lehen parte-hartzean jauzi zaldiko finalean sartzea lortu zuen, eta seigarren postuan amaitu.

Urtarriletik senior kategorian dihardu, eta aurrerapen meteoriko baten protagonista izan da. Gimnastika artistikoko Espainiako selekzioko kide da, eta Madrilgo Goi Errendimenduko Zentroan bizi da. Duen adinagatik, ez da garaiz iritsi Parisko Olinpiar Jokoetan parte hartzeko, baina Los Angeleskoetan izatea espero du.

Oso gazterik hasi zinen gimnastika egiten. Nolakoak izan ziren zure hastapenak, eta zergatik diziplina hori?
Bospasei urterekin ezagutu nuen gimnastika, urtebetetze batera gonbidatu nindutenean: puzgarri bat zegoen han. Neska bat saltoka eta hilkor egiten ari zen, eta atentzioa eman zidan. Probatu nuen, gustatu zitzaidan sentsazioa, eta etxera iritsi nintzenean, gurasoei eskatu nien horrelako zerbait egitera eramateko. Horrela iritsi nintzen Estadiora, akrobazietan hasteko jarduera batera, eta gimnastikarekin lehenengo kontaktua izan nuen. Zazpi edo zortzi urterekin, Xabi Larrimbek ikusi ninduen eta Arabatxon entrenatzea proposatu zidan. Han aritu naiz, 17rekin Madrila joan nintzen arte.

Zorua da benetan gozatzen dudan tresna. Salto egitea, biratzea, airean itzulipurdiak egitea, nolabait ere hegan egitearen sentsazioa, izugarria da.

Nola heldu zara Madrilgo errendimendu handiko zentrora, eta nolakoa izaten ari da esperientzia?
Noizean behin errendimendu handiko zentrora joaten nintzen entrenatzera, Gasteizen ez ditugun instalazioak eta aparatuak aprobetxatzeko. Entrenatzaileek ni ikusteko ere bai. 2022ko apirilean, serioski planteatu behar izan genuen batxilergoko bigarren maila egitea eta nazioarteko txapelketa jakin batzuk prestatzea uztartzeko aukera emango zidan beka bat eskatzea. Junior mailako Europako txapelketan lortutako emaitzen ondoren, urte horretako abuztuan, beka eman zidaten, eta barneko ikasle sartu nintzen.

Esperientzia oso ona izaten ari da. Erritmoa oso gogorra da, eta lehen nuen bizimoduaren oso bestelakoa. Bi saiotan entrenatzen dugu, 6 orduz, eta nik nire klubean bi orduko entrenamendu saio bat egiten nuen; baina ikasketak eta kirola uztartzeko, sistemarik onena da. Orain 10:00etatik 13:00etara entrenatzen naiz, bazkaltzen dut, 14:30etik 17:30era unibertsitatera noa, eta berriz entrenatzen dut 17:45etik 20:30eraino edo 21:00etaraino. Oso erritmo gogorra da, baina bi karrerak batera eramateko aukera ematen dizu.

Gainera, Espainia osoko eta era guztietako kirolariak elkarrekin bizi gara hemen. Giroa oso ona da. Denok ari gara entrenatzen eta borrokatzen helburu berberen alde.

Zer ezaugarri izan behar dira gimnastika egiteko? Zerk egiten zaitu zu desberdin?
Beharrezko ezaugarri fisikoak, batez ere, malgutasuna eta indarra dira, eta ezinbestekoa da konstantzia izatea, gogor lan egiten jakitea eta indarra izatea. Baita pazientzia ere, gimnastikan elementuak asko errepikatu behar direlako, eta batzuetan aurrerapen txikiak lortzea kosta egiten delako. Beharrezkoak dira pazientzia, anbizioa eta entrenatzen eta hobetzen jarraitzeko motibazioa.

Ni aski gimnasta malgua naiz, oso teknikoa, saiatua eta oso perfekzionista. Beti bilatzen dut akatsen bat egin dudan horretan, bai eta akats hori zuzentzeko edo hobetzeko modua ere.

Gimnastatzat, zein dira zure oroitzapenik onena eta txarrena?
Nire oroitzapenik onenak bi dira: Espainiako selekzioarekin egin nuen lehen nazioarteko txapelketa, 2022ko Municheko junior kategoriako Europako txapelketa. Oso giro ona zegoen, pabiloia sekulakoa zen, dena oso ondo antolatuta zegoen, eta jauziko finalerako sailkatu nintzen. Bestea nire lehenengo Europako senior txapelketa da, aurten, Italian. Ez nintzen joatekoa; baina, lehiaketa on batzuen ondoren, eta kontrol asko ondo egin ondoren, zoruko finalerako sailkatu nintzen. Laugarren izan nintzen nire lehenengo Europa senior txapelketan.

Balantzaren beste aldean, konfinamendu garaian ez nuen lehiarako gogo handirik. Lehiaketa eta entrenamendu guztien geldialdia ondo etorri zitzaidan, aukera eman baitzidan nola jarraitu nahi nuen, zein helburu nituen... birplanteatzeko. Inflexio puntu bat izan zen.

Zer eskaintzen dizu goi mailako gimnastikan aritzeak?
Gauza asko ematen dizkit. Hainbeste ordu entrenatzen dugu, daukazun une bakoitza baloratzeko eta ikasteko edo beste edozertarako aprobetxatzeko gaitasuna hartzen duzu. Gogor lan egiten jakitea, baita ere, zure bizitza pertsonalean aplikatzen duzun zerbait da. Konstantea izatea eta hobetzen jarraitzeko anbizioa izatea; zeure buruari helburuak jartzea, nahiz eta oso txikiak izan, motibazio bat izatea.

Ez dut nire adineko gazteen bizimoduaren falta sentitzen. Hau aukeratu dut benetan gustatzen zaidalako. Eta, sakrifizio batzuk egin behar badira ere, egiten dituzu, helburu bat duzulako, eta ematen dizuna gehiago da kentzen dizuna baino. Asko gustatzen zait bidaiatzea, eta udan batzuetan, adibidez irailean edo urrian lehiaketak baldin badaude, opor gutxi izaten ditugu; baina gero saria oso handia da.

Nola ikusten duzu zure etorkizuna, nora iritsi nahiko zenuke?
Kimika ikasten ari naiz unibertsitatean. Karrera amaitu nahiko nuke; eta, aurrerago, gimnastikan beste era batera aritu nahiko nuke, entrenatzaile izan.

Zer oroitzapen dituzu Estadioz?
Estadioko instalazioak funtsezkoak izan dira nire kirol-ibilbiderako. Han izan zen nire lehen kontaktua gimnastikarekin, Xabier Larrimbe izan da nire entrenatzailea Arabatxo klubean. Gogoan dut uda guztietan, baita astebururo ere, rokodromora joaten ginela, goian dagoen tatamira, itzulipurdiak ematen probatzera eta jolastera. Fitness gelara ere joaten nintzen, Xabik lan egiten duen lekura. Eta gero, denboraldiaurrea egitera eta abuztu osoan entrenatzera.