Unai Fernández de Retana

«Kirolean eta sukaldaritzan, bietan izaten dira gozamena eta hobetzeko grina»

Unai Fernández de Retana, sukaldaria

«Kirolean eta sukaldaritzan, bietan izaten dira gozamena eta hobetzeko grina»

 

Unai Fernández de Retanak (Gasteiz, 51 urte) oso argi du bizitzan duen helburua: «zoriontsu izatea». Eta horretan laguntzen dute bere grinek: sukaldaritzak, kirolak eta argazkigintzak. Gure hirian ezaguna da ia 26 urte daramatzalako bere jatetxeko buru, «sukaldari, ez chef gisa»; eta orain, gastronomia-aholkulari ari da. Aldaketa profesionalak gorabehera, egunero dator Estadiora, «bakarrik edo nire seme-alabei laguntzera». Izan ere, Estadio konstante bat izan du bere bizitza osoan.

Sukaldaritzak eta kirolak zure egunak ia osorik betetzen dituzte. Zer dute biek bat?
Bietan izaten da gainditzeko grina. Beti izaten da, bai sukaldean, bai kirolean, dela profesionala edo dela amateurra. Marka bat gainditzea, kailu horiek egitea edo bikaina atera zaidan pizza hori egitea... Hori da bihotza, zer hobetu ikusten duzunean; ez zara inorekin konparatzen ari, zeure burua gainditu duzu. Eta gozamena ere bai. Mahaian gozatzen da eta kirola egiten gozatzen da. Ez dakit parekagarria den, baina lotuta doa.

Beti egon zara kirolarekin lotuta, baita Judizmendi igeriketa klubeko zuzendaritzako kide gisa ere.
Estadioko abonatua naiz mutikotatik, eta hemen hazi naiz. Estadioko lagun taldea dugu, eta adiskide asko, oso onak. Eta hori nire 15 eta 13 urteko seme-alabei transmititzen saiatzen naiz. Biak Judizmendi klubeko igerilariak dira, zorionez.
Ni pilotaria nintzen, zesta puntan jokatzen nuen. Eta nire garaian barre asko egin diet igerilariei, «ahateak» deitzen genien beti. Eta orain nire umeak igerilariak dira! Oso pozik gaude azkenean buru-belarri sartu zirelako hemen, Estadion. Klubeko zuzendaritzan sartzera iritsi nintzen, eta oraindik ere badut lotura; ahal dudan guztia laguntzen saiatzen naiz, egiten duten lana goraipatzekoa dela iruditzen baitzait.
Kirola egitea ere asko gustatzen zait. Ahal dudan guztia egiten dut: bizikleta, korrika egitea, igeri egitea, palan jokatzea, paseatzea, eskoletara joatea... Kirol Plus egiten hasi nahi nuke, spinning egitearen friki bat naiz, baina orain oraindik ezin dut.

Zure sukaldeko bizitza oso estresagarria da, kirolak erlaxatzen laguntzen al du?
Atzo, adibidez, Armentiako basora joan nintzen korrika egitera, eta nire arazo guztiak utzi banitu bezala da, edo egun horretan, izandako edozein arazo. Igerilekura joaten naizenean sorosleei esaten diet gorria ikusten badute ez dela odola, han geratu zaidan jenio txarra dela. Hemen asko lasaitzen naiz.

Sukaldaritza eta kirola dira zure pasioetako bi, inoiz konbinatu al dituzu?
Nire ogibidea sukaldaritza da, nahiz eta batzuek esaten duten chef bat naizela, eta orain aholkulari gastronomikoa naizela. Baina ez dut inoiz lan egin kirolarientzako menuak sortzen. 
Jakina, etxean elikadura osasungarria dugu, daramagun erritmoarekin eta egiten dugun jarduerarekin bat datorrena. Onena da asko aldatzea. Jende askok uste du bere burua zaintzeko barazkiak eta dena plantxan jan besterik ez duela egin behar, eta azkenean aspertu egiten da. Baina milaka barazki dituzu, milaka lekale, eta gainera oso-oso osasuntsuak dira. Ni lekaleen oso zalea naiz. Eta gero, aldatuz noa, arrain pixka bat, haragi pixka bat, ez da beharrezkoa astuna izatea eta olio txorrotada batekin bakarrik jatea. Egiteko modu asko daude, janaria gogaikarria edo aspergarria izan ez dadin.
Kirolari profesionalek hala egitea ulertzen dut, oso mugan baitoaz. Eta amateurrak garenok edo horretaz bizi ez garenok, bada, normalena da egunero gehiegikeriak egiten ez ibiltzea, baina noizean behin geure buruari omenalditxo bat ematea.
Beste kontu bat da denak bat eginda joan behar duela: janari osasuntsu bat eta bizitza osasuntsu bat. Nahiz eta leka batzuk jan, gero arratsalde osoan sofan etzanda egoten bazara... orduan ez, baina paseatzera baldin bazoaz, ariketa fisikoa egitera etortzen bazara, orain Kirol Plus eremuan dauden jarduera ugariekin... 
Baina tabuak apurtu behar dira, eta ez erotu.

Zein dira zure helburuak une honetan?
Profesionalki baino gehiago, nire bizitzan helburu bat dut: zoriontsu izatea. Hori da helburu nagusia, eta gauza askok eragiten diote: seme-alabek, lanak, adiskideek, zu zeu nola zauden.  Lana gauza horietako bat bakarrik da, eta lanean pozik baldin bazaude, helburu horretara iristeko zerbait gehiago lortu duzu. Baina ez dut izarrik nahi, nire nahia da ni eta nire ingurunea, nire zirkulua, zoriontsuak izatea.
Begira ezazu zenbat sukaldari izardun uzten ari diren, eromena delako. Estres handia da. Nire adinean, beste gauza batzuk probatu nahi ditut, ikusi nahi dut ea beste gauza batzuk egiteko gai naizen.
 

«Menu on batek ez du zertan izan haragia edo arraina plantxan eta dena garbi.»

Zerbait gozoa eta ona egin daiteke, geure burua zaindu, baina baita arraina edo haragia plantxan eta dena garbi dagoen horretatik atera ere. Gozatzera etorri gara, ez sufritzera. Zenbat eta dibertigarriagoa egiten dugun janaria, orduan eta hobeto.

Lekaleak maite ditut, bai neguan, bai udan. Kontua da pixka bat gutxiago berotzea, eta eltzekada itzelik ez sabeleratzea. Proposatzen dizuet dilistak barazkiekin probatzea. Landare koiperik, oliorik eta animalia koiperik gabe (urdairik edo saihetsik gabe, alegia).

Egosi dilistak tipularekin, baratxuriarekin, piper berde eta gorriekin eta piper txorizero batekin. Egosi eta gero, gatza probatuko dugu, bakoitzak bere puntua jakin behar du, eta ea bere burua zaindu nahi duelako gutxiago bota behar duen...  Barazkiak birrindu eta purea iragaziko dugu, jateko orduan atsegina izan dadin. Buelta batzuk emango dizkiogu, eta dilistak baditugu. Nahi izanez gero, gehitu alkatxofa egosiaren zatitxo batzuk, galburu salteatu batzuk edo azenario egosi batzuk. Kontua pixka bat jolastea da, baina garrantzitsuena da aldatzea, eta inoiz ez dadila berdina izan, aspergarria izatera ez iristeko. Ozpinetako piperrekin ere jolas egin dezakegu, zaporea pixka bat aldatzen baitu.

Bigarren platererako, adibidez, dibertigarria den zerbait, baita gazteenentzat ere: pizza barazkiekin. Oinarri hori tomate eta gaztarekin, eta atera gaitezen ohikeriatik: orburuak, tipulina, txanpiñoiak, onddoak, perretxikoak... Jolastu pixka bat guztiarekin; izan ere, atsegina eta desberdina egiten badugu, menua alda dezakegu.

Eta postretarako, zerbait garbia. Orain, Fresaraba marrubiaren garaia hasi delarik, ba nik horretara joko nuke itsu-itsuan. Oso-oso onak daude.