Unai García eta Ibai Rico: "Zatoz mendira: mendi-ibiliak eta mendizaletasuna 2015/2016"

Unai García eta Ibai Rico

Unai García eta Ibai Rico, gure bide eta mendien sekretuen zale eta jakitun, Fundazioaren mendi-ibilien eta mendizaletasunaren programetako gidak dira. Haiek aurkeztu zuten, bada, 2015/2016 denboraldiko mendi-ibilietako eta mendizaletasuneko irteeren egitarau berria.

Aurkezpena hasteko, irudiak eta pasadizoak lagun, joan den 2014/2015 denboraldi arrakastatsua errepasatu zuten. Gero, denboraldi honetako ibilaldiei eta gailurretarako igoerei buruzko xehetasunak eskaini zituzten.

Irailaren 19an (larunbata) abiatuko den denboraldirako, Aspetik Pirinioetaraino, tartean Aizkorri eta beste txoko ezezagun batzuk daudela, inoiz baino mendizaleagoa izango den urte bat ezagutu eta gozatzera gonbidatu gaituzte. Denboraldi honetarako, gainera, berrikuntza nabarmena: erraketekin irteera egingo dugu, Nafarroako Pirinioetan. Seguru gogotik gozatuko dutela elurraren zaleek, eta mendizale askori diziplina horretan hasteko aukera emango die.

Ibaik eta Unaik nabarmendu zuten «natura ingurunera egindako irteeren gizarte izaera. Parte hartzaileak ingurune hurbilena ezagutuz doaz, natura, historia eta arte ondarearen bidez mendi-ibilien kasuan, eta gero eta dema gogorragoei aurre egiten mendizale igoeren kasuan».

Gainera, mendi-ibilien irteeren programazioan, «denboraldi guztietan egiten saiatzen garen bezala, desafio eta ibilbide berriak hartuz (Arabatik kanpo ere bai), gailurretara igota baina zailtasun handirik gabe, eta horrenbestez edonorentzat gomendagarriak, edozein dela ere daukan sasoi puntua. Adibidez, denboraldi honetan, Gipuzkoan hasiko gara flysch arroken ibilbidearekin, Deba eta Zumaia arteko labarretan zehar, Euskal Herriko kolstaldeko geoparkean. Hango harkaitz geruzak Lurreko 60 milioi urteko historiaren lekuko dira».

Mendi-ibilietako irteerak hilaren hirugarren larunbatean dira, 2015eko irailetik 2016ko ekaineraino; eta mendizaletasunekoak, urriko, azaroko, martxoko eta maiatzeko azken igandeetan, eta ekaineko azken asteburuan (bi eguneko zeharkaldia). Gainera, erraketa gaineko irteera egingo da urtarrilaren 31n (igandea).