
Hasiera baten, GR-a Otxandiotik hartzea pentsatuta bageneukan ere, azkenengo elurtearen eta aurreko eguneko eurien ondorioz lehen tarde horretan sorturiko lokaztiak eta, batez ere, Olaeta zeharkatzeko dauden errepideko 2 kilometroek, Guardetxeko ingurutik abiatzera bultzatu gintuzten.
Mari-ren begiradapean, Anbotoko hego magalerantz zuzentzen ditugu pausuak, goiza epeltzen, ibiltzeko erraza den pagadi ederretik. Pista zabalak gidatzen gaitu goizeko lehenengo maldatzarrera, jada pinu artean solasaldiak etentzen doan bidezidorra bilakatu aurretik, norbera bere ahaleginean, hamaiketakoa egitera gonbidatuko gaituen Zabalaundi zapaldu arte. Aldapa behera helduko gara POL-POL-era, minutu eskaxetan euria ekarriko digun haize zakartuaren konpainian. Horrek ez ditu uxatuko ordea, Santutegira Urkiolamenditik igarota heltzea erabakiko duen gehiengo baten animoak.
Urkiolan, holako irteeratan ere ezinbestekoak diren salda bero, kafea eta pintxoak bueltan.
