Joan den martxoan, Sabadelleko Can Llong igerilekuan, Udaberriko Espainiako Open Txapelketa jokatu zen, kategoria absolutuan eta juniorrean. Judizmendi igeriketa klubeko igerilariak, Uxue Ortiz de Pinedok, zilarrezko domina eta Arabako errekor absolutua lortu zituen, bular igeriketako 200 metroko junior finalean. Lehendik bazituen brontzezko bi domina, junior eta haur mailetan (erreleboak). 18 urterekin, uda honetan Estatu Batuetara joan da bizitzera, Saint Louis Unibertsitatean (Missouri) nazioarteko negozioetako ikasketak hasteko. Han, igeriketa beka bat du, ikasketak egiteaz gainera diziplina horretan hobetzen jarraitzeko aukera emango diona.
Zenbat urterekin hasi zinen kirola egiten? Zergatik aukeratu zenuen igeriketa?5 urte nituenetik nabil igerian. Udako ikastaroetan hasi nintzen, ahizpa bezala, eta ez zitzaidan asko gustatzen; ez nuen klubean jarraitu nahi. Nire oroitzapenik txarrenetako batzuk garai hartakoak dira. Gaizki pasatzen nuen, gogorik gabe joaten nintzen, harik eta jarrera aldatu nuen arte. Adiskide asko klubean zeuden, eta haiekin joan nahi nuen.
Kirola asko gustatzen zait, eta atletismoan, saskibaloian, gimnastikan... aritu naiz. Hasieran, igeriketa beste ezer baino gehiago adiskideengatik aukeratu nuen; hala ere, azkenean, igeriketan aritzen nintzen hobekien, eta igeriketan gozatzen nuen gehien.
Beharrezkoa da orduak eta orduak aritzea, goi mailako lehiara iristeko. Nolakoa da zure egunerokoa? Nola uztartzen dituzu ikasketak, adiskideak, aisialdia...? Merezi al du ahaleginak?
Aurten, astelehenetik larunbatera aritu naiz entrenatzen. Astegunetan, 15:30etik 18:00etara; eta larunbatetan, 9:15etik 11:30era, gutxi gorabehera. Eta hiru egunetan, bi aldiz: astelehen, astearte eta ostegunetan, goizeko 6:00etatik 8:00etara ere bai. Kosta egiten da, oso gogorra da goizeko bostak baino lehen jaikitzea entrenatzera joateko; gero, ikastetxera; han, hamaikak aldera bazkaldu, geroago ez bainuen denborarik; eta gero, zuzenean entrenatzera. Azkenean etxera iristen zarenean, nahi duzun azken gauza ikasten hastea da, baina...
Zaila da guztia uztartzea, baina denbora gutxi izatea gustatzen zait, neure burua hobeto antolatzen dudako, hobeto egiten dudalako. Eta asteburuetan denbora libre dezente izaten dut. Adiskide gehienek ere igeriketa egiten dutenez, ondo aprobetxatzen dugu. Neure buruarentzat, behinik behin, merezi du ahalegina.
Zer-nolako bilakaera izan du Espainiako Junior Txapelketan zilarrezko domina lortu arte igeri egitera joatea gustatzen ez zitzaion neskato horrek?
Hasieran ondo pasatzera nindoan, eta ez nengoen gauzak bikain egitean zentratuta, inondik inora. Hala ere, hamabi edo hamahiru urte nituenean, horretan ona nintzela ikusi genuen, ona izan nintekeela, eta gogo handiagoz hartzen hasi nintzen. Pixka bat gehiago ahalegindu nintzen, eta emaitzak etortzen hasi ziren. Igeriketan ni baino jende osoagoa dago, baina 200 metroko bular igeriketan ona naiz; 100 metrokoan ere ez naiz txarra; aitzitik, bizkar igeriketan, adibidez, txarra naiz, ez zait batere gustatzen. Nire ahulguneak irteerak eta urpekoak dira, eta horiek hobetzeko lanean ari naiz.
Abiadura baino potentzia handiagoa dut, baina uste dut maila on batera iristeko garrantzitsuena jarrera eta gogoa direla. Gaitasun fisiko batzuk behar dira, baina dena buruan dago. Borrokalaria naiz: helburu bat dudanean, haren bila noa, eta ez dut amore ematen lortu arte.
Horrek igerilekutik kanpo ere balio izan dit, nire bizitzako beste arlo batzuetan. Baliagarria izan zait, baita ere, une txarretatik ikastea, eta ez zaidala beti dena primeran aterako. Ikasketetan, azterketa bat ondo ateratzen ez bada, buelta ematen zaio: gehiago kontzentratzen zara eta lortzen duzu.
Zein da zure helburua, noraino iritsi nahi zenuke?
Garrantzitsuena da ondo jarraitzea, goian mantentzea eta urtero pixka bat hobetzen saiatzea. Epe laburreko helburuak jartzen joaten naiz, helburu zororik ez. Aurten, final absolutu batean sartzea zen, 8 onenekin; eta sartu nintzen. Hurrengoa da Espainiako junior txapelketan urrezko domina irabaztea. Badakit oso zaila dela kategoria absolutuan; baina, hor, brontze batekin konformatuko nintzateke...
Nola planteatzen duzu orain zure etorkizuna, Estatu Batuetako unibertsitate batean?
Igerilari eta ikasle izateko beka eman didate, Missouri-St. Louis Unibertsitatean. Han, beste unibertsitate batzuekin lehiatuko gara. Agian, ez dut Arabako eta Euskadiko txapelketaren batean parte hartzerik izango. Hala ere, Gabonetan etorriko naizen bi asteetan txapelketa horietakoren bat egingo dela uste dut; eta, ahal badut, parte hartuko dut. Ikasturtea maiatzean bukatzen da, eta udakoetarako itzuliko naiz.
