Ordutik, 6000 pertsona baino gehiagorekin lan egin du, % 90ek substantzia kaltegarrien kontsumoa uztea lortu zuen, % 100ek hobekuntzak erakutsi zituen autoestimuan eta senide eta lankideekiko komunikazioan, eta nabarmen murriztu dira espetxeetako indarkeriazko gertakariak.
Knockout: No te rindas programa 2013an jarri zen abian, ekimen pilotutzat, Tenango del Valleko (Mexiko) Gizarteratze Zentroan, VIRAL sarearen eskutik. Sare hori indarkeria komunitarioaren prebentziora bideratutako erakunde bat da, eta arteak, kirola, espazio publikoaren eraldaketa eta gaitasunen garapena erabiltzen ditu gizarte kohesioa sustatzeko. Sarearen helburua zen espetxean zeuden pertsonak boxeoaren eta laguntza emozionalaren bidez birgizarteratzen laguntzea, diziplina, osasuna eta birgizarteratze arrakastatsu baterako beharrezko trebetasunak sustatuz. Gizonezko presoekin lan egitea erabaki zuen, ikusirik dagoeneko ekimen asko zeudela emakumeentzat eta haurrentzat; eta, abian jartzeko, Mexikoko Segurtasun Idazkaritzaren eta Munduko Boxeo Kontseiluaren (WBC) laguntza izan zuten.
Ikuspegi multidimentsionala du, eta hainbat baliabide konbinatzen ditu: kirola, boxeo entrenamendu erregularrekin, diziplina, kontrol fisikoa eta osasuna sustatzearren; laguntza psikoemozionala, taldekako eta banakako lantegiekin, non hainbat gai jorratzen diren (hala nola barkamena, adiskidetzea, kudeaketa emozionala edo adikzioen prebentzioa); familia loturak indartzea; eta espetxealdiaren osteko laguntza, non kartzelatik irten ondoren segimendua egiten den, baita zenbait preso ohi WBCk ziurtatutako entrenatzaile gisa integratuta ere.
Lehen fasean 40 parte hartzaile izan ondoren, hamar urte honetan ekimenak 6.000 gizon baino gehiagorekin lan egin du, eta datuak ikusgarriak dira: % 90ek substantzia kaltegarrien kontsumoa uztea lortu zuen (alkohola eta tabakoa barne); % 100ek hobekuntzak izan zituen autoestimuan eta senide eta kideekiko komunikazioan; eta nabarmen murriztu dira indarkeriazko gertakariak espetxeetan.
Fase pilotutik hasita parte hartu zuen Salvadorrek, eta proiektuari buruzko Charrascas minidokumentalean agertzen da. Salvadorrek dioenez, programak «diziplina, itxaropena eta tresnak» eskaini zizkion, «irten ondoren "bizitza normal" bat» ezarri ahal izateko.
Hauek dira arrakastaren gakoak: kirola, arreta emozionala, prestakuntza eta laguntza komunitarioa konbinatuta, laguntza integrala; hirugarren mailako prebentzioaren ikuspegia, dagoeneko delituak egin dituztenekin lan egiten duena, eta berrerortzea murrizten duena; familiaren inplikazioa, gizarteratze iraunkorrerako funtsezkoak diren laguntza sareak indartzen dituena; eta parte hartzaileei ziurtagiria eta prestakuntza ematea, bideratzaile bihur daitezen. «Horrek erakusten du aski dela nahi izatea; eta, batez ere, gizaki guztiok bigarren aukera bat merezi dugula.»
Knockout: No te rindas programak nazioarteko aintzatespenak jaso ditu: besteak beste, iaz Peace and Sport Nazioarteko Foroak emandakoa. Eta WBCk prebentzioaren arloko nazioarteko praktika onenetakotzat aukeratu du. Mundu osoan duen aintzatespenak eta eskalatze estrategiek espetxe politika humanizatuaren eredu erreplikagarritzat agertu dute.
Boxeoaren balioak
A priori indarkeriazkotzat hartzen den modalitate bat izanagatik, boxeoak erakutsi du diziplina, osasuna eta talde lana sustatzeko mekanismo arrakastatsua dela. Boxeoan aritzean, hainbat balio bultzatzen dira, hala nola ahaleginak egitea, arauak errespetzea, bizikidetza... Kirolaren berezko printzipioak dira, eta emaitza handiak lortzen dituzte sozialki kalteberak diren pertsonekin eta kolektiboekin lantzen direnean.
Boxeoa oso kirol gogorra da, eta arerioarekiko errespetu zorrotza eta arau oso argi eta zorrotzak betetzea eskatzen du. Tentsioak askatzen laguntzen du, eta errutina eta estresa bideratzen ditu. Gainera, entrenamenduak taldeka egiten dira, eta horrek pertsonen arteko komunikazioa errazten du. Eta programan diziplina kirolaren alderdirik ludikoenarekin uztartzen da, saiatzen da sortu dadin adiskidetasun eta konplizitate giro osasungarri eta kiroltasunezko bat, ahal den neurrian alkoholaren edo drogen kontsumoarekiko mendekotasuna saihestuko duena.
Munduko Boxeo Kontseiluaren (WBC) babesari esker, boxeoko munduko txapeldunak agertu dira, jarraitu beharreko eredutzat; eta askatasuna lortzen duten pertsonei entrenatzaile ofizial gisa ziurtatzeko aukera ere eskaintzen zaie. Horrela, gizarteratzeko eta komunitateei ekarpen positiboa egiteko tresna bat eskaintzen zaie, bereziki gizarte bazterketako arazoak dituzten lekuetan.
