YOGA, JAKINDURIA ETA ONGIZATE PSIKOFISIKOA

Testu hau gonbidapen bat da, gizakiarengan eraldaketa eragiteko sistema handienetako batean murgiltzeko: YOGAn murgiltzeko, alegia.

Yoga gaur egungo gizartean oso hedatuta dagoen termino bat da. Kontuan hartu behar dugu, ordea, duela milaka urte sortu zela; gaur egun, yogaren jakituria gehien nabarmentzen den horretara murriztu dugu: asanasetara, hau da, yogako jarreretara.

Labur esanda, yoga metodo eta sistema multzo bat da. Funtsean, tekniken eta praktiken bidez, gizakia bultzatu nahi dute, gorputzaren eta adimenaren mugak gainditzen dituen ezagutza egoera baterantz.

Yogako hainbat sistema bereiz ditzakegu, eragin filosofiko handia dutenak. Eragin filosofiko hori upanisad (maisuengandik ikasleengana egindako irakaskuntzak) batzuetan adierazita dago. Upanisadak ikuspegi filosofikorik sakonena direla jotzen da, yogiek nahiz yoginiek esperimentatu dezaketen errealitate bat ikusten duena, Indian askapen edo batasun egoeratzat ulertua, beste izendapen batzuen artean kontzientzia gorena deritzona.

Yoga sistema batzuk hainbat tradiziotan eta sanskritoz idatzitako testuetan agertzen dira, hala nola guru deritzen maisu handi fidagarriengandik jasotzen diren irakaskuntza zuzenak. Horiek irakasten digute gure adimena ulertzen eta kontrolatzen, adarretik adarrera salto egiten diharduen tximu baten antza baitu, beti urduri eta asaldaturik.

Metodo honi raja yoga deritzo, eta aforismoz edo sutraz osatuta dago (esaldi laburrak, jakinduria sakona dutenak). Bigarren sutrak dio: «Yoga, adimenaren aldaketen etetea da». Meditazioaren bidez, adimena eta haren prozesuak ulertu nahi dira.

Mendebaldean oso zabalduta dagoen sistema bat da hatha yoga izenekoa. Sistema horren irakaskuntzetan jasota daude asana izeneko yogako posturen praktikak, gorputzaren eta adimenaren energia eta bibrazio maila handitzeko egiten diren pranayama edo arnasketa teknikak, garbiketa metodoak, eta burua oreka egoerara eramateko beste irakaspen batzuk.

Yogak, era berean, gizakia modu globalean hartzen du kontuan, eta hori ikus dezakegu Bhagavad-gita deritzon literatur harribitxian. Debozioa garatzen duen balio espiritual handiko elkarrizketa horretan azaltzen dira bhakti yoga (egoera emozionala hobetzeko), karma yoga (ekintza egokien ikaskuntza), meditazioa (adimenean barneratzeko) eta jñāna yoga (bereizkuntzaren lanketa).

Zalantzarik gabe, yoga garatuz joan da denboran zehar, eta gaur egun milioika dira yoga egiten dutenak Mendebaldean. Horren ondorioz, yoga modernoa sortu da; eta, funtsean, osasuna, ongizatea eta adimenaren eta gorputzaren harmonia lortzeara zuzenduta dago.

Azken 50 urte honetan, asko dira yogaren ondorio onuragarriei buruz egin diren ikerlan eta ikerketa zientifikoak, eta emaitzak benetan dira ikusgarriro positiboak dira.

Egiaztatu da garunaren egituran eta funtzioan aldaketak eraiten direla, plastikotasun neuronala sortuz, ohitura negatiboak ezabatuz, arreta eta kontzentrazioa areagotuz, neurotransmisoreen eta beste substantzia batzuen funtzioa erregulatuz (dopamina, oxitozina, serotonina), estresa ezabatuz, estutasun eta depresio egoerak arinduz.

Beste alde batetik, gorputzaren lerrokadura hobetzen da, mugikortasuna eta malgutasuna hobetzen dira, gorputzaren ardatzaren  —bizkarrezurraren— funtzioa hobetzen da, odol zirkulazioa aktibatzen da, eta artikulazioen mugikortasuna hobetzen da. Halaber, zenbait min egoera murrizten laguntzen da, eta yogaren metodoak oso lagungarriak dira insomnioari aurre egiteko.

Badaude yogako zenbait teknika, denok egin beharko genituzkeenak, eta oso lagungarriak direnak gure bizitzan arlo psikofisikoan osasun egoera ezin hobeaz gozatu ahal izateko. Ondorengo hauek dira:

ASANAK
Ariketa egokia (ahal dela, egunero egitekoa) eta hain ezagunak diren yoga eskolak dira. Jarrerak egiten ditugunean, gure gorputzeko sistema guztiak lanean jartzen dituzte, eta aipatutako onuretako asko dakartzate.
Aipatu beharrekoa dugu yoga sistema asko daudela: praktika leun batetik hasita, yoga estilo aktibo eta indartsuetaraino. Beraz, edozein dela ere zure adina eta egoera, ongi etorri eskola hauetara! Irakasle eskarmentudunak baino ez dituzu behar.

ARNASKETA
Esaten da bizitzea arnastea dela, eta arnastea bizitzea dela. Gure organismoa oxigenatzen duten arnasketa metodoek bizia, energia eta bizitasuna ematen dizkigute.

DIETA EGOKIA
Izan ere, biziki garrantzitsua da elikadura zaintzea; osasuna indartzen digu, eta bizitza luzatzen. Yogak elikadura mota naturala eta adimentsua iradokitzen du.

ERLAXAZIO EGOKIA
Erlaxazio metodoak, arlo fisikoan zein mentalean atseden sakona lortzearren.

PENTSAMENDU POSITIBOA, KONTZENTRAZIOA ETA MEDITAZIOA
Jarrera mental onuragarriak lantzen ditugu, kontzentrazio egoerak garatzen laguntzen dutenak. Eta adimen egoera orekatsuak, lasaitasunekoak, baretasunekoak eta argitasunekoak lortzen laguntzen duten meditazio metodoak lantzen ditugu.

 

     MADHANA AGULLA
     Yoga Sananda Internacional zentroaren eta Sananda Yoga Irakasleen Nazioarteko Elkartearen sortzailea.