
Aro aldaketa batean gaude, eta inoizko dema handienetako baten aurrean, krisi klimatikoaren aurrean. 2015eko Parisko akordioaz geroztik, ibilbide orri bat ezarri da, gobernuek, enpresek, erakundeek eta, oro har, gizarte osoak beren isuriak murriztearren eta Garapen Sostengagarriaren Helburuak betetzearren. Helburu horiek gure gain hartu behar ditugun gizarte, ekonomia eta ingurumen demak zehazten dituzte.
Lurreko klima aldatuz joan da modu ziklikoan, baina gaur egun bizkortu egin da gizakiaren eraginez, eta aldaketa horren bultzatzailerik handiena da CO2-aren hazkunde azkarra eta neurrigabea.
CO2-a ezinbestekoa da animalien eta landareen bizitzarako, O2-arekin, beste gas batzuekin eta ur lurrunarekin batera. Baina ikusten ez dugun zerbait da, ukitzen ez duguna, eta agian horregatik da zaila orekan ez dagoenean dituen ondorioak ulertzea.
Klima aldaketak kirola egiten dugun espazioei eragiten die, naturari bereziki, eta gure osasunari ere eragiten dio, kutsadura baita klima aldaketa dakarten isurketen ondorioetako bat.
Horiek murrizteko erantzukizuna ez da erakundeena bakarrik; gutako bakoitzak erantzukizun zati bat dugu, eta hori gure gain hartzeko gai izan behar dugu.
Jakitun gara eta egunetik egunera arduratsuagoak gara plastikoaren erabilerarekin, paperaren kontsumoarekin, elikadura osasuntsuagoarekin. Baina nola jakin dezakegu gure eguneroko jarduerak eta, zehazki, gure kirol-jarduerak zer CO2 isurketa eragiten dituen? Badakigu nondik datozen? Nola kalkula ditzakegu? Nola murriztu ditzakegu? Konpentsa daitezke?
Kontzienteak eta sentikorrak izateaz gain, ezagutzak izan behar ditugu. Ezagutzatik abiatuta, lanari ekin ahal izango diogu.
Gure kirol jardueraren inbentarioa egiteko gai izan behar dugu. Eta, horretarako, lehenik eta behin, isurketen jatorria ezagutu behar dugu.
Zerk sortzen du CO2? Joan-etorriak egiteko erabiltzen dugun garraiobideak, erabiltzen ditugun energia-iturriek eta kontsumitzen ditugun ondasun eta zerbitzuek.
Eta hortik aurrera, galdera asko egingo ditugu: zer egiten dut? Zer maiztasunekin? Zer distantziatara dago nire lantokitik edo etxetik? Nola joaten eta itzultzen naiz? Bakarrik edo taldean? Zer arropa daramat? Zerez dago eginda? Zenbat kirol arropa daukat? Nola eta zenbat aldiz garbitzen dut? Zer edaten dut eta zein ontzitan eramaten dut? Zer tresna elektroniko erabiltzen ditut? Zenbat aplikazio ditut zabalik? Zenbat bideo igotzen ditut egunean sare sozialetara? Zenbat denbora ematen dut dutxan? Zer higiene eta kosmetika produktu erabiltzen ditut? Kirola egiten dudan bitartean jaten dut? Zer hondakin mota sortzen dut? Eta beste.
Erantzun bakoitza kuantifikatu egiten da, eta balio bat ematen du: CO2 baliokidearen kg kopurua. Adibidez, joan-etorrien isurketak alderatuta: 2 kg CO2 Gasteiz hiribidetik Estadiora autoz joan eta itzultzeagatik; edo 0 kg, oinez edo bizikletaz egiten badut.
Kalkulu horiek egiten laguntzen diguten hainbat kalkulagailu daude, batez ere energia, garraio eta elikadura arloetakoak.
Zer egin dezakegu gure isurketak murrizteko?
Geure mugikortasun plana. Ahal den neurrian hurbiltasun irizpideak aplikatuz, garraio mota aukeratuz, partekatzeko aukera emanez, joan-etorriak eta ibilbideak planifikatuz, eta ea ditugun ibilgailu guztiak behar ditugun baloratuz.
Erosketak egiteko orduan, isurketak eta hondakinak murrizteko, lagungarriak izango zaizkigu irizpide hauek: hurbiltasuna, tokiko merkataritza, bidezko merkataritza, produktuaren datuak eskuratzea, ekoetiketak... Gainera, tokiko ekonomian inpaktua handiagoa izango dugu horrela.
Eta, azkenik, teknologia, inoiz ez baitugu teknologian pentsatzen isurketa iturri gisa. Erosten dugun aparatu mota, nola eta zenbat erabiltzen dugun, ematen diogun bizitza erabilgarria, konexio kopurua, hostinga eta abar erabaki beharko genituzkeen alderdiak dira, eta eragina izango dute gure gaur egungo bizitzan.
Eta murriztu ezin ditugun isurketak, konpentsatu ahal izango ditugu.
Prest zaude zure kontsumo ohiturak aldatzeko, zeure bizitza eta ingurukoena hobetzearren?
Aldaketak merezi du, ezinbestekoa da modu kolektiboan pertsonen eta planetaren bizitza hobetzen lagundu nahi badugu.
«Jende txiki askok, leku txikietan gauza txikiak egiten, mundua alda dezake», Eduardo Galeano
Ana Vallejo, Más Que Sostenible enpresakoa
