
Harrigarria da errugbi zelai bateko soropilean 30 jokalari indartsu ikustea, pilota obalatu bat pasatzen eta entsegu bat egiteko korrika. Profanoaren begietara, kirol zakarra da, kontaktu handikoa, eta badirudi detaileetarako tarterik ez dagoela. Hala ere, pixka bat gehiago begiratzen duzunean, noblezia, diziplina eta aurkariarekiko begirune sakona aurkitzen dituzu. Agian, horretan zerikusia izango du hirugarren denborak, aurkariak kirol bereko zale soil bihurtzen dituen partida ondoko elkarretaratzeak. Iñigo Muelas, 20 urterekin, Gaztedi RT Ohorezko B mailako taldeko kideetako bat da. Sei urte nahikoa izan ditu bere pilier postuan bere saltsan sentitzeko, eta konturatzeko errugbiko alderik politena dela «mundu guztiarentzako kirola dela, edonolakoa zarela ere».
Noiz hasi zinen errugbian, eta nola uztartzen duzu ikasketekin?
Duela sei urte futbolaz nekatu nintzen. Nire anaiak errugbian jokatzen zuen, eta aita ere aritua zen. Beraz, etxean ikusi ohi genuen, eta gustatzen zitzaidan.
Astean hiru egunetan entrenatzen dut Lakuan eta Gamarran, eta bi egunetan gimnasioan aritzen naiz. Ondo uztartzen dut, Arrasaten irakasle ikasketak egiten ari bainaiz, eta aurten entrenamendua egiten dudan egunetako bitan —asteartean eta ostegunean— eskola telematikoa izaten baitut. Ostiraletan, ordea, bai, presaka etorri behar dut entrenatzera.
Zerk harrapatu zintuen?
Giro ona dagoela. Taldean sartzea oso erraza da, bai eta jendeak zu animatzea ere. Eta, batez ere, partiden ondorengo hirugarren denbora. Bukatutakoan, aurkariarekin elkartzen zara; batzuetan haiek gonbidatzen zaituzte, eta beste batzuetan zuk. Horixe falta zaie beste kirol batzuei. Gauza bera balego, adibidez, eskolako futbolean, uste dut ez litzatekeela hainbeste gatazka sortuko. Jokotik haratago, guztiok gara errugbiko jokalariak.
Oso kirol noblea da, eta diziplina handikoa. Arbitroei «jauna» esaten zaie eta errespetuz hitz egiten zaie; imajinaezina, beste kirol batzuetan... Ez dira haien erabakiak eztabaidatzen.
Zer helburu dituzu?
Errugbiak jende asko ezagutzeko eta bidaiatzeko aukera eman dit. Kanpoan jokatzen dugunean, beti itzultzen naiz oso aho zapore onarekin. Gainera, Gaztedi RTk laguntzen dizu zerbait behar baduzu. Kirol talde bat baino gehiago da. Jokatzen eta gozatzen jarraitzea da nire nahia. Oso zaila da kirol batetik bizitzea, eta are gehiago errugbitik; beraz, ematen didan guztiaz gozatzea eta nik ekarpena egiten jarraitzea besterik ez dut buruan. Eta urtebetez Erasmus joaten banaiz, joaten naizen tokian jokatu ahal izatea, baina besterik ez.
¿Qué nivel tiene el rugby en Araba/Álava?
Klub bakarra dago, eta horrek pena pixka bat ematen dit, lehia gutxi dagoelako, baina maila altua da. Haur asko aritzen da errugbian.
¿Recomendarías este deporte?
Bai, kirol honetarako balio duzulako, edonolakoa zarela ere. Berdin dio ea altua edo baxua zaren, lodia edo argala, neska edo mutila, mundu guztiarentzako posizioak daudelako. Aski da jokatzeko prest izatea. Gainera, Gaztedi RTn inklusio talde bat dago, eta dibertsitate funtzionala duten pertsonek nahasita jokatzen dute hor. Iaz haiekin entrenatzen aritu nintzen, eta ekarpen handia egiten dizute.
Profila
- Gasteizko toki bat: Alde Zaharra.
- Hondartza edo mendia: mendia.
- Liburu bat: Appelsinpiken, Jostein Gaarder idazlearena.
- Film bat: Eraztunen Jauna, Peter Jackson zuzendariarena.
- Miresten duzun kirolaria: Sony Williams, Zeelanda Berriko errugbilari eta boxeolaria.
- Ikusi nahi izaten duzun kirol bat: futbola.
- Zure bertute handiena: sinpatia.
- Sare sozialak: (Instagram) @mmuelass
