
XXI. mendean bete-betean sartuta gaudela, nahiz eta LGTBIQ+ kolektiboak (lesbianak, gayak, transexualak, bisexual intersexualak, queer jendea...) aurrerapen handia egin duen eskubide berdintasunaren aldeko borrokan, oraindik ere kirol eremuak oztopo ugari jartzen dizkio inklusioari eta sexu aniztasuna sustatzeari. Gizartean onartzen da aniztasun hori; baina politikoki zuzena izan nahi duen ikuspegi batetik, nagusitasun eta tolerantzia puntu batetik, kolektibo horri lotutako aurreiritziak ezkutatu nahirik.
Iraganean, historikoki, kirola nagusitasun maskulino, patriarkal eta heterozentristaren eremu bat izan da, eta horrek diskriminazio estruktural eta sinbolikoa eragin dio maskulinitate hegemonikotzat hartzen dugunaren barruan lekurik ez duen pertsona orori. Horrek azalduko luke, besteak beste, emakumeen parte hartzea baxuagoa dela kirol diziplina askotan, eta arrakala horrek, gainera, gora egiten duela adinarekin batera. Gaur egun, oso LGTBIQ+ erreferente gutxi daude kirol arloan. Gainera, oraindik ere ez da transexualen eta intersexualen lege aintzatespenik eremu profesional eta federatuan, eta kolektibo hori beti egon da kirol dopinari eta sexu proba ospetsuei buruzko eztabaida zalapartatsuen eraginpean.
Kirolari lotutako genero estereotipo askok bereziki mugatzen dituzte emakumeak. Adibidez, lesbianei ezaugarri maskulinoak esleitzen zaizkie, eta horrek «hobeak» egiten omen ditu zenbait kiroletarako, hala nola futbolerako edo errugbirako. Kontrako aldean genuke gay kolektiboari lotuta doan estereotipo bat: patinaje artistikoaren edo dantzaren alde egiten duten mutil sentikorren estereotipoa. Horrek garamatza kirol arloan LGTBIQ+ kolektiboak duen ikusezintasun handira, edozein delarik ere kirola. Are gehiago
LGTBIQ+fobiaren aurkako jarrera adierazpenak ez dira jendaurrean adierazten ere.
Emakumeak kirol profesionalean, «gizonen eremu legitimoan», parte hartzen hasi zirenetik, ez da berria haien gorputzak etengabe aztertu izana. Ez bakarrik lehiatzeko aukera zuten ala ez erabakitzeko, baita emakume «egiazkoak» ziren ala ez egiaztatzeko ere.
Nahiz eta gaur egun kirol politikak malguagoak diren, eta gero eta kirolari trans eta intersexual gehiagok parte hartzen duten kirol lehiaketetan, ezin dugu ahaztu oraindik ere horrelako probak eginarazten dizkieten bakarrak direla. Horrek erakusten du, beste behin ere, gaiaren erdigunean «gizon» edo «emakume» izatearen ikuspegi binarista jartzen jarraitzen dugula, eta ikuspegi hori zientzian ere gero eta gehiago zalantzan jartzen ari diren arren, dualismo horretatik ateratzen den guztia problematizatzen dela.
Kirolean sexu dibertsitatea sustatzea erronka handia da gaur egun ere. Eta, horregatik, ezinbestekoa da sexu eta genero dibertsitatearen arloko sentsibilizazio eta prestakuntza politikak ezartzea kirol jardueran, edozein diskriminazio motaren aurrean prebentzio tresna izan daitezen. Beharrezkoa da trans eta intersexualei kirola egitea erraztuko dieten jarduketa protokoloak egitea, bai eta kirolariei sexu orientazioagatiko edo genero identitateagatiko jazarpen eta diskriminazio jokabideak hautematen eta salatzen laguntzea ere.
Egoera horiek ikusita, hausnartu behar da ea zer egoeratan dagoen kirol arloa LGTBIQ+ pertsonentzat. Eta tresna baliagarriak eskaini behar zaizkie kirolarekin zerikusia duten pertsona guztiei, baina batez ere sexu orientazioagatik edo genero identitateagatik diskriminatuta daudenei. Horrela, kirol jarduera guztiak modu inklusiboan eta askatasunetik egin ahal izango dira, pertsona bakoitzaren desberdintasunak diskriminatzeko ez erabiltzea sustatuta.
Egin dezagun kirola eremu ikusgarri, seguru eta aske bat izatea, gorrotorik eta LGTBIQ+fobiarik gabea.
Izaskun Aranbarri
publizista eta sexologoa
