
Marina Martínez de Aragónek 16 urte besterik ez du, baina eski alpinoan aritzeak bere adineko beste neska batzuek baino lehenago heltzea eragin dio. Jakan ikasten eta entrenatzen ematen du urtearen zati bat, bere familiarengandik urrun. Kirol honetan arituta, ordea, bizitzak eskaintzen dion guztiaz gozatzeko eta eragozpenak gainditzen ikasteko bide bat aurkitu du. Italian entrenatzen ari zela izandako lesio batek nazioarteko proba batean parte hartzeko ametsa betetzea eragotzi zion, eta hilabete batzuk emango ditu pistetatik at. Bete-betean itzultzeko itxaropenez dabil orain.
Txiki-txikitatik eskiatu duzu, eta bizitza aldatu duzu kirolean aritzeko; merezi du sakrifizioak?
Memoria dudanetik nabil eskiatzen, gurasoei kirola asko gustatzen zaielako eta niretzat egokia zela pentsatu zutelako. Asmatu zuten. Hamar bat urte nituela hasi nintzen lasterketetan parte hartzen, eta ondo egiten nuela ikusi nuen. Zerbait gustatzen bazaizu eta ondo egiten baduzu, aurrera egin behar da. Eta, harrezkero, dena berez etorri da.
Duela hiru urte, DBHko 1. mailan, Jakara joan nintzen. Lehenik pisu batean, taldearen zati batekin eta zaintzen gintuen neska batekin; gero, barnetegi batean, ikastetxeak nahiago duelako. Ikasturteko lehen hiruhilekoa Gasteizen egiten dut, bigarrena Jakan, eta hirugarrena berriro hemen. Arratsaldean eskola izaten dugu; horri esker bazkaldu arte entrenatu gaitezke, eta gero ikasten dugu. Gurasoak asteburuetan ikusten ditut, eta ondo eramaten dut.
Zorion handia ematen dit. Asko nabaritzen dut Gasteizen edo Jakan egotearen arteko aldea: nola nagoen, gauzak nola ikusten ditudan, gauzak egiteko motibazioa... Bi mundu oso ezberdin dira. Eta zoriontasun eta motibazio hori bizitzako beste alderdi guztietara zabaltzen da. Jakan, nekatuta egon arren, ikasteko indarra ateratzen dut, badakidalako hori dela jarraitzeko baldintza.
Zer duzu gustukoen eski alpinoan? Zer ematen dizu?
Alde batetik, taldean bazoaz ere, sentitzen duzu bakarrik zaudela mendi artean, zuhaitz artean, nahiz eta hotz egiten duen edo eguraldia oso ona ez den, denak motibatzen zaitu, jaistera bultzatzen zaitu.
Egun eguzkitsu horiek gozatu egiten ditut, elurra oso ona baitago; entrenamendua pilo bat aprobetxatzen duzu, oraindik inork zapaldu gabeko elurretan zehar lehenengo jaitsierak egiten dituzu...
Eskian aritzeak asko irakatsi dit. Orain gehiago baloratzen ditut egunsentiak, txikia nintzenean baino; nire gurasoek egiten duten ahalegina baloratzen dut, bai eta nik egiten dudana ere: goiz jaikitzea, kirola egitera joatea, urtaro bakoitza ikustea...
Bestalde, egun batzuetan entrenamendua oso gogorra izaten da, gauzak ez dira guztiz ondo ateratzen, etxera joan eta berriro ohean sartu nahi izaten dut. Hala ere, egun horiek dira jarraitzen ikasteko gehien laguntzen dizutenak.
Ona den guztia kosta egiten da, eta askotan gogo-aldartean sufritu dut, gauzak ez zirelako ateratzen. Trabatu egiten zara, gauzak ez zaizkizu ateratzen, berriro saiatzen zara eta berriro ez zaizkizu ateratzen, eta hori gogorra da. Gainditzea lortu dut, eta gurpil zoro batean sartu beharrean, berriz hutsetik abiatzen naiz. Beste jaitsiera bat, eta aurrekoan ezer gertatu ez balitz bezala. Lehen denboraldi osoa egon nintekeen gurpil zoro batean sartuta.
Kirolari berari dagokionez, gehien gustatzen zaidana lehiatzea da, zalantzarik gabe. Adrenalina asko ematen dit.
Denboraldia oso ondo hasi zenuen, baina lesio batek amaiera eman dio zure ametsetako bati.
Aurtengo Espainiako Kopan oso pozik nengoen nire lehen postuarekin. Parte hartu dudan lau lehiaketetatik hirutan lehendabizikoa izan naiz. Horrek nazioarteko bi lasterketatarako txartela eman zidan. Andorran aurreneko proba irabazi nuen, eta besteak ez zitzaizkidan oso ondo atera, baina pozik nago eman nuenarekin. Hurrengoan, Italian, onenak aritzen diren proba batean, entrenatzean erori nintzen eta min hartu nuen. Joateko aukera nuen azken urtea zen, eta gogo handia nuen, txikitatik nahi nuen.
Belauneko ebakuntza Mikel Sanchezek egingo du [elkarrizketa hau argitaratzen denean, Marina jadanik ebakuntza eginda egongo da]. Esan didate sei edo bederatzi hilabete emango ditudala bajan; baina bost hilabete barru bueltan izango naiz, seguru.
Susperraldian oso indartsu jarri behar dut, horrek nire denboraldia markatuko baitu. Baina ezin dut ahaztu belaunak pixkanaka-pixkanaka joan behar duela: udan denboraldi aurrea egin; gero, elurra berriro ukitzen hasi; eta prest nagoela ikusten dudanean, denak emanda.
Osatu ondoren, zein da zure hurrengo helburua?
Izugarri gustatuko litzaidake Neguko Kiroletako Errege Federazioan (RFDI) sartzea, eta pixkanaka hobetuz joatea, Munduko Koparen batean edo Junior Olinpiadetan parte hartzera iritsi arte. Hobetuz joan nahi dut, eta noraino iristen naizen ikusi.
Profila
- Hondartza edo mendia: Mendia.
- Liburu bat: Open, Andrea Agassi tenislariarena, kirol baten bi aldeak erakusten dituelako.
- Film bat: Mamma Mia. Maite dut amarekin eta ahizpekin ikustea.
- Miresten duzun kirolaria: Bode Miller estatubatuar eskiatzailea. Oztopoak gainditzearen eta norberaren ametsengatik borrokatzen jarraitzearen adibide bat da, bizitzak emandako makilakadak gorabehera.
- Beste kirol bat, egiteko: Hipika, eskalada...
- Ikusi nahi izaten duzun kirol bat: Eski alpinoa.
- Estadioko toki gogokoena: Maite dut atzeko aldetik paseatzea, udako arratsaldeetan, nahiz eta denbora gehien gimnasioan ematen dudan.
